1951ko argazki hau urte gutxi batzuk lehenago inauguratutako Lizaso harategiaren barruan eginda dago. Ziur aski, Hilario Allica da egilea eta eszena surrealista samarra erakusten digu. Asun Alcibarren eta Jose Manuel Mancisidorren ezkontzan ateratako irudia da; harategian bertan egin zuten, hain zuzen, bazkaria. Alcibar familia saltokiaren gaineko pisuetako batean bizi zen.
Irudiaren erdian Carlos Monte ezizenez ezaguna zen Carlos Alcibar azaltzen da, aizkora eskuan. Emaztegaiaren aita zen, ezkontzako aitabitxia. Bere jarrera eta posea ikusita, Jose Manuel senargaiari Asun alabarekin ondo portatzeko eskatzen ari zaiola dirudi, arriskuaz ohartaraziz.
Argazkiko beste protagonista batzuk ere identifikatu ahal izan ditugu. Ezkerretik eskuinera: Karmele Berecibar, haren atzean Emilio Esparza (Churrero), Carlos Alcibar (Carlos Monte), Asun Alcibar emaztegaia, Jose Manuel Mancisidor senargaia, Juanito Esnaola eta, haren atzean, Debara iritsi berria zen Anes Arrinda parrokoa.
Carlos Monte pertsonaia ezaguna izan zen Deban. Tren geltokiko maletazaina izan zen eta Jose Ignacio Urbietak haren omenezko erraldoia sortu zuen 1980ko hamarkadaren erdialdera.
Alex Turrillas Aranzeta