Ez dakigu nor den argazki honen egilea, baina jakina da 1910. urteko Ostiral Santuko prozesioan aterata dagoela. Garai hartan kultura herrikoian oso errotuta zeuden ospakizun erlijioso horietara joatea ia derrigorrezkoa izan zen 1960ko hamarkadaren amaierara arte.
Irudian prozesioko pauso batzuk ikus ditzakegu: lehenik eta behin, Maria Magdalena, eta, haren atzetik, Jesus olibondoen baratzean, "Cañaras", "Pillaras", San Joan ebanjelista eta Dolorosa.
Tradizioari eutsiz, irudi bakoitza gremio ezberdinetako kideek eramaten zuten. Tabernariek, adibidez, San Joan ebanjelista zeramaten, baserritarrek olibondoaren baratzea, gizon gazte ezkongabeek "Cañaras", gazte ezkonduek "Pillaras", itsasgizonek edo itsasoarekin lotura zutenek Dolorosa, arotzek Kristo gurutziltzatua...
Prozesioan "Marixak" izenez ezagutzen ziren neska gazte batzuek ere parte hartzen zuten. Kristoren pasioaren ikurrekin irteten ziren, eta Maria Magdalenari eta Jesusi Kalbariora iristen lagundu zieten emakume santuak irudikatzen zituzten.
Alex Turrillas Aranzeta