'Diciembre': harria eta ikatza

Erabiltzailearen aurpegia Argazki zaharrak 2024ko aza. 13a, 10:57

1920ko hamarkadako argazki honetan Diciembre lurrunontzia ikus dezakegu, kai ondoko arrapalan ikatza deskargatzen ari dela; atzealdean, berriz, Urasandi etxe ezaguna dago. Kabotaje-ontzi txiki hori Debako itsasadarrean eraiki zuten, gerora Plasticas Reiner enpresa izango zen lekuan kokatutako ontziolan, eta Asturiasko ikatza inportatzeko eta Debako harria (Arronamendiko harrobian egindako galtzada-harriak) esportatzeko erabiltzen zuten batez ere.

Datu bitxi gisa, Deban 46 kargaontzi porturatu ziren 1914an: horietatik 30 lurrunontziak ziren, eta 16 belaontziak. Debako portuan ikatza deskargatu zuen azken ontzia, ziurrenik, Condor izango zen; 1960. edo 1961. urteen inguruan izan zen eta Gijondik zetorren. 1950eko hamarkadan jaio ginenok oraindik ere gogoan dugu Condor deskarga lanetan, irudian Diciembre ikusten den lekuan. Ekartzen zuen ikatz-zamaren zati bat inguruko herrietara zihoan trenean kargatzen zuten, eta bestea kaian bertan zegoen egurrezko biltegi txiki batean gordetzen zen, herrian saltzeko.


Alex Turrillas Aranzeta