Hilario Allicak edo bere seme Antonek 1965eko maiatzaren hirugarren igandean egindako argazki hau Euskal Herriko efemeride esanguratsuen zerrendan sartzeko moduko dokumentu grafikoa da; Gerra Zibilaren ostean, frankismo garaian, Euskal Herrian egin zen bigarren Euskal Jaian parte hartu zuten herritarren iritsiera erakusten digu. Urtebete lehenago, 1964an, ospatu zen lehena; OARGUIk (Organizacion Artistica Recreativa de Guipuzcoa) antolatu zuen, oztopo ugariri aurre eginez. Taldekideak urtebetez ibili ziren herriz herri, euskaltzaleak bilduz eta Euskal Jaian parte hartzera animatuz.
Festari kutsu folklorikoa eman zioten agintarien begietara, beharrezko baimena lortzeko, baina, berez, euskara, folklorea eta oro har euskal kultura sustatzeko helburuz antolatu zen Euskal Jaia (debekatuta zegoen erregimen frankistan). Zazpi herrialdeetako dantza taldeak bertaratu ziren eta arrakasta itzela izan zuen: partaide kopurua urtebete lehenago (1964an) baino bost aldiz handiagoa izan zen. Tamalez, hirugarren Euskal Jaia, 1966koa, bertan behera laga zuen Gobernu Zibilak, ospatu baino egun bat lehenago. 33 urte beranduago (1998an) ospatu zen berriz ere Euskal Jaia Deban.
Alex Turrillas Aranzeta