Agian Debako hondartzan egindako argazki zaharrenetarikoa da; XIX. mendearen amaieran edo XX. mendearen hasieran ateratakoa, ziurrenik. Irudiaren lehen planoan, ur ertzean jolasean dabiltzan haur batzuk ikusten ditugu. Bigarren planoan, bainuzaina (bainerua) ageri da, haur bati uretan sartzen edo uretatik irteten laguntzen. Eta, haien atzean, sokekin elkarri lotutako hesola batzuk daude; hondartzan hasi eta itsasoan barneratzen dira hesola horiek eta bainulariak seguruago senti zitezen erabiltzen ziren, sokei helduta ibiltzen baitziren.
Atzealdean, bainurako kasetak edo aldagelak (gurpildunak) daude. Idien laguntzarekin, bainulariak uretan sartzeko erabiltzen ziren. Eta, bainua hartu aurretik eta ondoren, aldagela gisa erabiltzen zituzten, bertan jantzi eta eranzteko. Urtaro jakin bateko ogibidea zen baineru edo bainuzainena, eta uda sasoian jende askori ematen zion lana; igeri egiten ez zekiten haurrei eta helduei bainua hartzen laguntzen zieten. Emakumeek ere parte hartzen zuten udako lan horietan, arropak garbituz eta kasetak txukun mantenduz. Egaña Urasandi, Idiakez Itxurri, Urquiri Cholet, Etxeberria, Iriondo Zesterokua eta Beitia familiak, adibidez, Debako hondartzako bainuen historiara pasa dira.
Alex Turrillas Aranzeta