1960ko uztailaren 31n: punta-puntako musikariak

Erabiltzailearen aurpegia Argazki zaharrak 2024ko eka. 6a, 11:43

1960ko uztailaren 31n organo berri bat inauguratu zuten Debako parrokian, eta ekitaldi hartan izan ziren hainbat lagun ikus ditzakegu goiko irudian, Jesus Guridi eta Pablo Sorozabal musikari entzutetsuak tartean direla. Ziur aski, Hilario Allicak egin zuen argazkia, orduko Hotel Egañako terrazan. Pedro eta Fernando Aizpurua anaiak ere agertzen dira bertan; lehena Valladolideko katedraleko kanonigoa eta organista zen, eta bigarrena koadjutorea, organista eta koru zuzendaria Debako parrokian, baita Tolosako Leidor abesbatzaren sortzailea ere zenbait urte beranduago.

Irudian, zutik eta ezkerretik eskuinera: Iñaki Lete, Paco Lazcano, Mugica jauna (organoaren egilea), Anes Arrinda (Debako parrokoa), Fernando Aizpurua (parrokiako apaiz laguntzailea) eta Jose Ignacio Urbieta. Eserita: Juan Urteaga (konpositorea eta organista), Pablo Sorozabal, Jesus Guridi eta Pedro Aizpurua.


Alex Turrillas Aranzeta