1. Argazkia: San Roke eguna, berrogeiko hamarkadaren hasieran segur aski. Bertan ikus ditzakegu dantzariak San Roke ermitarako bidearen hasieran, jendetzaz inguratuta. Hondoan, Barreratarren drogeria eta ezkerraldean Javiera eta Mercedes Berasaluce-ren aterki-denda marradun toldoarekin. Era berean, ezkerraldean Ortega taberna (lehen Ulacia oinetako-denda), eta hurbilago, ezkerretan hori ere, Trastorno taberna.
2. Argazkia: Hitlerren tropek Frantzia inbaditu ostean, Bidasoa ibairaino iritsi ziren. 1940 edo 1941eko argazki honek soldadu alemaniarrak erakusten ditu, zezenketa bat ikusten Deban. Oso ohikoa zen baimendun soldadu eta ofizial alemaniarrek muga zeharkatzea turismoa egiteko eta zezenketa bat zuzenean ikusteko; ikuskizun exotikoa haientzat.
3. Argazkia: Agian argazki hau izango da Debako San Rokeetako argazkirik zaharrenetako bat. XIX. mendearen amaiera edo XX. mende hasierako urteetako zezenketa bati dagokio. Bertan, udatiarrak ikus ditzakegu, balkoiak mukuru betez eta oso dotore jantzita.
4. Argazkia: Denbora asko ez dela, Debako festetan egun bat udatiarren omenezkoa izan ohi zen. XX. mende hasierako argazki honetan, egungo Ostolaza eta Lersundi kaleen elkargunean ateratakoa, zezenketaren aurretik herriko kaleetan zehar egiten zen “paseillo”a erakusten zaigu. Zutik ageri dira toreroak, denak ere udatiarrak, eta horien atzetik zalgurdia “Manola”k daramatzala.
Alex Turrillas Aranzeta