Desberdinak dira argazki zahar honek erakusten duen Deba eta orain ezagutzen duguna. Eraldaketa 1960ko hamarkadan hasi zen. Itsasadarraren beste aldean, Agirre edo Valmar jauregia ikus daiteke, hainbat txalupa eta lurrunezko zamaontzi txiki bat ainguratuta dauden tokian. Bere ezkerrean, Ichasvista jauregitxoa dago, Valmarreko markesaren biloba Leopoldo Fuentes Bustillok eraikia, eta, ezkerreraxeago, Santos Enparanzaren etxea. Deigarria da haien atzean azaltzen den paisaia, adin jakin bat dugunok ezagutu genuen baso ederra. Jauregiaren eskuinaldean, 1941eko otsailaren 15eko gauean haizeak eraitsitako eukalipto erraldoi bat nabarmentzen da; Gipuzkoako zuhaitzik handienetakoa izan zela diote.
Alex Turrillas Aranzeta