Ziurrenik, 1930ean egindako argazkia da. Ez dakigu nortzuk diren Gure Etxetxo txaletaren aurrean kamerari begira ageri direnak, baina seguruenik Ignacio Linazasoro eta bere familiakoak izango dira, Ifarkale kalearen amaieran, Hondartza kalearekin bat egiten duen tokian, kokatutako txaletaren jabeak, hain zuzen.
Linazasorotarrek udako bizileku zuten txalet bikaina Manuel de Cardenas arkitektoak eraiki zuen eta bizitza laburra izan zuen. 1932ko azaroan izandako euriteen ondorioz, azaroaren 11n, San Martin egunean, itsasgorarekin batera, mendiaren hegala behera etorri zen, txalet ederra arrastaka eramanez eta eraikina eraitsiz.
Alex Turrillas Aranzeta