(ZU) ZARA

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Iriondo 2021ko uzt. 20a, 18:55

Ezer baino lehen, esan behar dut etiketak irakurtzeko ohitura daukadala. Internet bidez erosten dudanean ere, arropa saskira eraman baino lehen konposizioari begiratzen diot: zenbat kotoi duen, zenbat elastane, ikuzgailuan garbi daitekeen, zenbateko tenperaturan… Askotan modari jarraitu baino neure erosotasunari erantzuten dion begiratzen diot.

Martxoaren hasieran, herritik ateratzeko debekua zela eta, praka batzuk ekarri zizkidan alabak ZARA denda erraldoian erositakoak. Beti bezala, probatu ondoren etiketa multzo luze eta “traba egileari” erreparatu nion hura moztu aurretik kontuan hartu beharreko oharren bat ote zegoen begiratzeko. Horretan nenbilela eta guraizeak eskuan nituela, hara non konturatzen naizen etiketako oharrak euskaraz ere badaudela: Bangladeshen egina, kotoia, elastomultiesterra, elastanoa… Euskara 17 bat hizkuntzaren artean! Kontuan hartuta munduan 6000 hizkuntzatik gora daudela, ez dago gaizki!

Bai, badakit, ZARAko arropa gehiena hirugarren munduko herrialdeetan ekoizten da eta bertako langileen lan-baldintzak eskasak dira, herrialde horietatik produktua ekartzeak ikaragarrizko kutsadura sortzen du eta berotegi efektua handitzen, gure herrietako arropa denda txikiak desagertzen ari dira multinazionalen erruz…

Baina nik hemendik aurrera ZARAn, CORTEFIELen… erosten dudanean gogoan (ere) izango dut euskarak (ere) baduela etiketetan (ere) tokia, eta azkeneko lekuan egon arren, hor egoteak mesede baino ez diola egiten, errazago topatzen baita.