Neu izanez

Erabiltzailearen aurpegia Arantza Iriondo 2022ko aza. 25a, 09:00

2022ko BEGIRADAK saioan berak idatzitako kantu eder bat eskaini zigun Iraia Agirrezabalak. Saioan ikus-entzule izan arren, baliteke askok ez gogoratzea hark kantatutakoa. Baina, nire ustez, egunero ez bada ere, sarri entzun beharko genukeen abestia da eta bertan esandakoa kontuan hartu.

Ez dut abesti osoa hemen idatziko, baina bai behin baino gehiagotan errepikatu zituen leloak: “Haizeak bezala eginez dantza, baina nik aukeratuko dut norantza. Haizeak bezala eginez dantza neu izanez” eta “haizeak bezala eginez dantza, baina sortzen zaizkit hainbeste zalantza utzidazu hanka sartzen neu izanez”.

Gurasoa naiz eta seme-alabak hazita baditut ere, oraindik neure moldera ekarri nahi izaten ditut askotan; alegia, nola jantzi, zer jan, nondik nora ibili, norekin… gogoratu gabe izaki independenteak direla eta erabakiak hartzeko eta hanka sartzeko eskubidea dutela aspaldi.

Seme-alabak txikiak direnean gure zereginetako bat haien gidari izatea da eta baliabideak eskaintzea etorkizunean nahi dutena izan daitezen. Hala ere, susmoa dut hazten doazen neurrian, “guk” nahi duguna izan daitezen ahaleginak egiten ditugula sarri (edo ez daitezen izan guk nahi ez duguna). Susmoa dut haien kabuz erabakiak hartzen berandu “uzten” diegula eta gure nahia inposatzeko gogoak luze jotzen duela.

Inoren etxean sartzeko asmorik gabe animatu nahi zaituztet Iraiaren abestia entzutera eta interpretatzera.