Aberatsa da euskarak duen lexikoa, beste kontu bat da zenbaterainoko ezagutza dugun eta nola eta zenbat hitz erabiltzen dugun. Azken asteetan ikasleekin hainbat joko, ariketa, zerrenda… egin ditut ezagutzen duten hitz kopurua handitzeko helburuarekin. Ezagutu, bai, ondo irakurri duzue; ze erabilera beste kontu bat da. Biraoen zerrendak irakurri genituen, non beste batzuen artean hauexek agertu ziren: “memeloa”, “zirina”, “babalorea”, “eulimandoa”, “lapazorria”, “melokotoia” eta, niri ikaragarri gustatu zitzaidana, “gaizki egindako mondejua”.
Noski, ikasleei ez zien inolako graziarik egin; nik, berriz, kristoren barreak egin nituen eta “altxortegian” gorde. Inguruan ditugun animalia eta landareekin ere antzera jokatu nuen, baina oraingoan haiei eskatu nien zerrendak egiteko; aharia, akerra, behorra… bereizteko edo zein den arra edo zein emea esateko lanak izan zituzten. Nola ez, zerrendan ez zituzten horiek aipatu ere egin. Pentsatu nahi dut testu hau irakurtzen ari zaren horrek ez duela inolako arazorik izan aipatutako hitzen esanahia jakiteko.
Baten batek esango du “modaz pasatutako” edo “beharrezkoak ez diren” hitzak direla esandakoak, baina horien ordainak gaztelaniaz erabiliko dituela ziur nago. “Modernoak” zareten horientzat, orain botako ditudanek ea ze esanahi duten asmatzen duzuen: ez dut SUHIBERRIK ez ERRAIBERRIK, baina bai LARRUNA. Eragin buruari eta ezinean bazabiltzate, idatzi Berriketan-era.