Esatea zaila da. Esateko zer esan nahi den jakin behar delako lehenengo eta esan nahi den hori ganoraz esaten asmatu behar delako gero. Esatea zaila da. Esan nahi dena nola entzungo duten jakin behar delako lehenengo eta jarrera horri egokitu behar zaiolako esango dena gero. Esatea zaila da.
"Esatea zaila da, baina hitzak egon badaude; hautatzeko ahaleginik egiteko gogorik eta ausardiarik badugun edo ez dugun ez dakit"
Pentsatzen dut zailtasunak muturren aurrean beti topatuko dituela bi jarrera. Zaila izanagatik ondo egiten ahaleginduko direnena eta ahalegintzeko galbanaz aldameneko beste bide bat hartuko dutenena. Susmoa hartuta nago hiztun alferregiak bihurtu ez ote garen. Hitzen potentzialtasuna aprobetxatzeko ahalegin gutxiegi egiten ez ote dugun eta ez ahalegintze horrek ez ote dakarren diogunaren zehaztasun maila gutxiagotzea edo ia erabat galtzea. Izan liteke bestela, alferrak izan gabe beldurtiak eta koldarrak gara akaso. Zenbat eta zehatzagoak izateak esan nahi dena hobeto hautatzea lekarkeelako, hausnarketa gehiago bezala, hautu gehiago egin behar izatea, eta horrek, ahalegin gehiago eskatzeaz gain, agerian uzten gaitu, biluzik.
Esatea zaila da, silaba bakarrak guztia alda dezakeelako, formaz antzekoa izanagatik, "behar duzunean" esatea edo "behar nauzunean" esatea ez delako gauza bera esatea.
Esatea zaila da, baina hitzak egon badaude; hautatzeko ahaleginik egiteko gogorik eta ausardiarik badugun edo ez dugun ez dakit.