Pandemiaz geroztik txirrindulariak, korrikalariak, crossfiteroak eta surflariak baino ez ditut inguruan. Eskumuturra baino erloju handiagoak darabiltzate, aplikazioetan denborak, errepikapenak, dietak eta gainontzekoak erregistratzen dituzte, baina beren buruetan eta ahoetan ere besterik ez dela geratzen ematen du. Izandako lasterketez, datozen olatuez, asteburuko irteerez, azken lesioez edo entrenamenduez bakarrik hitz egiten dute, gainontzeko gaiak betiko ahaztu izan balituzte bezala. Bigorexikoak!
"Etsigarria izan behar da sofatik altxatzeko nahia izan eta arin-arin altxatzea, igogailuaren zain egon beharrik gabe eskaileretatik aise ibiltzea, etxera garagardorik edan gabe bueltatzen jakitea"
Pazientzia galtzen hasi naiz dagoeneko. Ez dut ulertzen jendeak nola garatu duen ondo sentitzearekiko halako mendekotasuna, ez baita arrazoizkoa, logikoa edo zentzuduna sasoiko sentitzeagatik alaiago sentitzea, indartsuago sentitzeagatik galbana txikiagoa izatea gainontzekoetarako, ahaleginaren ahaleginez hobekuntzak nabaritzeagatik autoestimu edota konfiantza gehiago izatea. Ez dut ulertzen. Gorroto puntua dudalako edo izango da, baina darabiltzaten janzkera horiek ere... Egiten duten kirola egiten dutela, horretarako arropa egokiak darabiltzate, errepiderako maillot ikusgarriak, mendirako motxila arinak, beti hain txukun, hain konbinatuta…
Etsigarria izan behar da sofatik altxatzeko nahia izan eta arin-arin altxatzea, igogailuaren zain egon beharrik gabe eskaileretatik aise ibiltzea, etxera garagardorik edan gabe bueltatzen jakitea. Begira badirela oraindik ere topatzeke ditudan zaletasunak, baina bigorexiko hauena... Batzuetan ez ditut modak ulertzen.
Uler bedi ironia.