Herdoila eta goroldioa

Erabiltzailearen aurpegia Antton Aizpurua 2022ko eka. 3a, 10:23

Denboraz hezetzen direnean, kolore marroiko substantzia bat azaleratzen zaie burdin metalikoei, gaitasun mekanikoa galduarazten diena eta, denbora luzean utziz gero, burdina bera zulatzera iritsi daitekeena. Herdoilak burdina kolapsatzen du.

Baten batek pentsatuko zuen honezkero gu salbu gaudela, burdinaren eta gure propietateak oso bestelakoak direla eta herdoilak ez gaituela sekula irentsiko. Hala ere, ni ez nintzateke hain seguru sentituko, ez baitut uste ezeren salbuespen naizenik, beraz, zuek ere arriskuan zaudete.

Lanez gainezka eta denboraz larri nabilenetan, burua argi izaten dut, lanerako prest eta gainerakoetarako ere adi. Inguruko gertakizunen berri izaten dut, interesa mantentzen dut bestelako gaietan eta detaile gutxik egiten didate ihes. Momentu frenetikoaren erritmora nabil, korronteak bultzatuko banindu bezala.

Eginbeharren kopurua jaisten denetan eta denbora gehiago dudanetan, ordea, lagungarri zaidan korrontea baretu eta denbora moteldu egin dela ematen duenetan, nor izatetik ia zer izatera pasa eta izan baino, egonean egoten naiz. Aberatsaren sindromea edo izango da, zenbat eta denbora gehiago izan orduan eta gehiago alperrik galdu.

Mugitzeko, aritzeko ohitura galtzen hasten garenetan, ez gara kolore marroiz azalberritzen, baina giharrak bezala gogoa ere ugertu egiten zaigu eta ezerezean kolapsatzen gara.

Ez genioke alperkeriari seduzitu gaitzan utzi beharko eta bakoitza asetzen duen horretan aritu beharko litzateke, gelditu gabe aritu. Harriek ere badakite ez badabiltz goroldioak estaliko dituela, ugerrak burdina nola.