Uda garaian debarrok bolo-bolo izaten dugu etxebizitzaren gaia ahotan. Azkenaldian, ordea, uda izan edo ez, hamaika aldiz ekarri dugu mingainera Elizburuko etxebizitza tasatuen afera. Batzuk haserre dira parte hartzeko baldintzak betetzen ez zituztelako eta, beraz, etorkizun hurbilean etxebizitza bat izateko aukera bideragarririk ikusten ez dutelako. Baztertuen zerrenda ikustea besterik ez dago horretaz ohartzeko; parte hartzeko oinarriak betetzen ez zituztela jakitun ziren batzuek, badaezpada edo, izena eman zuten. Beste asko izena eman gabe, etsita geratu ziren zuzenean. Zozketan onartuak izan direnak korrokoiak ogi papurrei nola daude, zozketako emaitzak noiz helduko zain. Gehienek kolpea hartuko dute euren izen-abizenak zozketako zerrendan aukeratu gabekoen artean ikusten dituztenean.
Bien bitartean, herritar askok beren bizi proiektua stand by-ean dute. Asko dira lanean urteak daramatzaten arren, euren etxebizitza izateko zailtasunak topatu dituztenak eta zailtasunei aurre nola egin asmatu ezin dutenak. Ez diot ezer berririk etxebizitza tasatuek etxebizitzaren problematikan konponbiderik ez dakartela diodanean. Norbere bizi proiektua nahi bezala garatzeko aukera zozketa baten menpe izatea bidegabea da.
Horregatik, etxebizitzaren arazoa noraino iristen den behatu eta sortu litezkeen konponbideen inguruan hausnartu behar genuke. Egun ulergaitza izan daitekeena inoiz lortu ahal izateko: kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala izango den etxebizitza.