Esango didazue ez dela baloiarekin jolasteko leku egokia, badirela horretarako toki aproposagoak eta bla bla bla… Berdin zait, guk orduak ematen genituen plazako alde banatako bi paretak porteriak bailiran futbolean jolasten. Hamaika aldiz katigatu zitzaizkigun baloiak goiko leihoetako hesietan eta hamabi aldiz entzun genituen inguruko mahaietako bezeroen errietak. Horiek ere berdin zitzaizkigun, jolasean jarraitzen genuen.
Orain ezin da halako partidarik egin, Udalak pare bat banku jarri dituelako pare-parean helduen mesedetan eta umeentzako traban. Izan ere, kaleak eta plazak banatzaileen kamioientzat, errekadutan dabiltzanen kotxeentzat edo kafea lasai hartu nahi dutenentzat dira: helduentzat.
Ez nuke tabernarien aurka egin nahi, gutxiago garaiotan, baina umeek jolasteko haina ez den plaza zati bat geratu zaigu euren terrazetan barrena eta beldur naiz, hauetako egunen batean, ez ote dugun mahairik mahai saltoka aritu beharko plazaren alde batetik bestera joateko. Beldur naiz ez dakidalako pandemian garen bitartean distantzien neurriak bermatzeko terrazentzat kendu dizkiguten espazioak inoiz berriro itzuliko dizkiguten.
Gainera, umeei espazioak kentzen dizkiegunean, euren liskarrak eta barreak aldamenetik botatzen ditugunean, helduen zaratak nagusitzen dira: garabien edo taladroen zaratak, piztutako motor edo bozinen zaratak… Eta horiek edo umerik gabeko isiltasun erabatekoak berdin mintzen dituzte belarriak.