Askotan entzuten dugu jaiotze-tasa jaitsi egin dela, gero eta ume gutxiago jaiotzen direla, egoerak horrela jarraituz gero zahar gehiegi egongo direla, pentsioa kobratzeko arazoak izango dituztela...
Lehen zaharra hitzak ez zeukan konnotazio txarrik euskaraz; azken batean, denbora pasatzea saihestezina izanik, hobeto onartzen zen zahartzaroa. Orain, alabaina, gazte itxura mantendu nahian, tratamendu bereziak, liftingak eta horrelakoak eginez, laurogei urterekin hiltzen direnak gazte hiltzen dira?
"Azken urteotan gizartea aldatu da. Lehen jendeak zoriontsu bizitzeko gutxiago behar zuela zirudien; halaber, gu baino hobeto bizi ziren"
Umeak dituztenei laguntzak eman arren, momentuz ez dira nahikoak arazoari aurre egiteko. Azken urteotan gizartea aldatu da. Lehen jendeak zoriontsu bizitzeko gutxiago behar zuela zirudien; halaber, gu baino hobeto bizi ziren. Egungo gizarteak, berriz, dirua barra-barra gastatuz, biharamunik egongo ez balitz bezala, carpe diem horretan bizitzea nahiago du oro har. Ni ere bat nator horrekin, gure eskuetan dagoena baino gehiago gastatuz edo hilabete bukaerara ezin iritsiz estu eta larri bukatzen ez badugu.
Litekeena da hor ez aurkitzea beti arazoen irtenbidea; are gutxiago zoriontasuna. Buruhaustea hor hasten da, haurra izatean "horrela bizitzea pentsatzen al duzu?" galdetzen dizutenean ala umeari zer gerta ere aintzat hartuz, bizimodua aldatu behar izatean. Emakumeon kasuan, ama izan aurretik ondo pentsatu behar izaten dugu, urte asko lanean eman ondoren lanpostua galtzeko arriskua izan dezakegulako. Hala ere, esango nuke zerbaitetan aurrera egin dugula. Izan ere, lehengo emakumeek ezkontzen zirenean gehienbat haurrez erditzea pentsatzen zuten bitartean, guk aukera dezakegu umerik eduki nahi dugun ala ez, nola, noiz eta abar. Horrela izatea gustatuko litzaiguke behintzat, ezta?