Jakina denez, azken bolada honetan ahozko literaturak garrantzia galdu du. Gero eta guraso gutxiago ikusten dira gure aitona-amonek egiten zutena egiten, ipuinak kontatzen. Zergatik ari da galtzen hain aberasgarria den ohitura hori? “Aspertuta nago!”. Sakelakoa. “Telesaio bat ikusi nahi dut!”. Telebista. Esaldiek osagai berberak dituzte: pantailak. Gero eta etxekide gehiago ikusten dira pantaila baten aurrean. Estalki horien artean, gure bizitzaren muinera sartu den munstro ikaragarria dago, telebista izenez ezagutzen dugun tramankulua.
"Zenbat irakurle oheratzen dira ipuin bat irakurri eta ipuin hori etxekoei kontatu ondoren? Orain, afalosteko telesaioa ikusitakoan oheratzen gara"
Etxe guztietan horrela ez bada ere, oraindik ere etxe askotan leku garrantzitsua du telebistak. Zenbat irakurle oheratzen dira ipuin bat irakurri eta ipuin hori etxekoei kontatu ondoren? Orain, afalosteko telesaioa ikusitakoan oheratzen gara. Honekin ez dut esan nahi telebista guztiz itzali behar denik, baina kontuan izan behar dugu horrek eman eta kentzen diguna. Mezu oker asko jasotzen ditugu, eta telebistako emakume aurkezleekin gertatzen dena adibide bat da. Gehienak gazteak dira eta, adin batera helduta, kamera aurrean lan egiteari uzten diote; beste aurkezle gazteago batzuek hartzen dute beren tokia. Ez genuke jokabide diskriminatzaile hori onartu beharko, profesional hobeak izan litezkeenak itxuragatik baztertzen direlako.
Telebista tresna probetxugarria da, egoki erabiltzen jakinez gero. Bere aurrean ematen dugun denborak ez luke gure denbora librearen heren bat baino gehiago izan behar. Praktikara eramatea, ordea, ez da lan erraza, lehenengo gizartea eragin negatiboez kontzientziatu beharra baitago. Gogoratu, beraz, telekomandoak telebista itzaltzeko ere balio duela. Horren ordez, ipuinak irakurtzea eta irakurritakoa besteekin partekatzea aukera paregabea izan daiteke.