Denboraldia bukatzear dela kontuan hartuta, igande arratsaldean bi taldeek Errota Zarren jokatuko dituzten partidak garrantzitsuak izango direla azpimarratu dute klubeko zuzendaritza taldeko kideek. Partida biak ala biak "erabakigarriak" izan daitezkeela aurreratu dute eta, horregatik guztiagatik, zaleei bertaratzeko eskatu diete, jokalariei berotasuna adieraz diezaieten.
Nagusi mailako gizonezkoen lehen taldeak Zumaiako taldearen aurka neurtuko ditu indarrak, 16:30ean hasita. Gaur-gaurkoz, denboraldia amaitzeko hiru jardunaldi besterik ez diren geratzen, eta Erregionalen Ohorezko Mailari eusteko borrokan jarraitzen dute debarrek. Igandeko partidan aurkariak gainditzea eta jokoan egongo diren hiru puntuak poltsikoratzea, hortaz, ezinbestekoa izango da nagusi mailako gizonezko lehen taldearentzat.
Sailkapen taula, gainera, nahiko berdinduta dago azken postuetan. 31 punturekin, sailkapen taulan 15. postuan dira debarrak, 14. postuan doan Deusto Donostiarekin berdinduta. Azken hiru postuetan, berriz, Urola, Ordizia eta Lagun Onak daude, hurrenez hurren, 29 punturekin, 27 punturekin eta 26 punturekin.
Mailaz igotzeko aukerekin
Kadete mailako emakumezkoen taldearen egoera, berriz, "guztiz bestelakoa" dela azaldu dute Amaikak Bateko zuzendaritza taldeko kideek. Etxeko taldeak ohorezko mailarako igoera fasea jokatzen dihardu gaur egun, eta gizonezkoen lehen taldearen ostean jokatuko den partida irabaziz gero (18:45ean hasita, Mutrikuren aurka neurtuko dituzte indarrak), ohorezko mailara igotzeko aukera zuzenean bereganatuko lukeela zehaztu dute.
Igoera fasearen azken txanpan (txapelketa amaitzeko bi jardunaldi falta dira), laugarren postuan dira debarrak, 21 punturekin; hain zuzen ere, hirugarren postuan den Intxaurdi taldearekin puntutan berdinduta daude. Mailaz igo nahi baldin badute, igandeko hiru puntuak lortzea "funtsezkoa" izango dela nabarmendu dute zuzendaritza batzordetik.