Jose Aldamar Amaikak Bat klubeko presidente eta laguntzaile izan zenaren omenezko futbol txapelketa jokatu zuten larunbatean (apirilak 6) Errotazar udal futbol zelaian. Aste Santuko oporraldian hiruko eran jokatu ohi den haur mailako txapelketara Lekeitioko eta Elgoibarko taldeak gonbidatu dituzte aurten eta, hain zuzen ere, azken talde horretako futbol jokalariak izan dira jokoan egon den garaikurra lortu dutenak.
Lekeitioko taldekoak bigarren geratu ziren eta etxeko taldekoek, emaitza hobea lortzen ahalegindu baziren ere, hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuten. Amaikak Bateko ordezkariek jakitera eman dutenez, guztiaren gainetik, kiroltasuna eta giro ona nagusitu ziren larunbateko jardunaldian.
Txapelketaren hasierako partidan bi talde gonbidatuek, Elgoibarrek eta Lekeitiok, elkarren aurka jokatu zuten, eta partida elgoibartarren aldeko 1-0 emaitzarekin bukatu zen. Jardunaldiko bigarren partidan, berriz, Amaikak Batek eta Lekeitiok bana berdindu zuten. Azken partidan, aldiz, Amaikak Batek Elgoibarko taldea izan zuen aurrez aurre, eta elgoibartarren aldeko 0-3ko emaitzarekin amaitu zen.