Amaikak Batek prest du guztia XVI. Aldamar Torneoari ekiteko

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2024ko api. 5a, 09:38

Errotazar udal futbol zelaiak larunbatean (apirilak 6) hartuko du Aste Santuko oporraldian jokatu ohi den haur mailako txapelketa.

Amaikak Bat Kirol Elkarteak Jose Aldamar klubeko presidente eta laguntzaile izan zenaren omenezko futbol txapelketa antolatu du larunbaterako (apirilak 6). Herriko taldeak hamaseigarrenez antolatu duen haur mailako txapelketara Lekeitioko eta Elgoibarko taldeak gonbidatu ditu aurten eta, ohi bezala, hiruko eran jokatuko da; hiru taldeek, hortaz, elkarren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.

10:30ean hasiko da txapelketa eta antolatzaileek iragarri dutenez, 35 minutuko iraupena izango du partida bakoitzak. Zuzendaritza batzordeko kideek kirol eta futbol zale guztiak Errotazarrera hurbiltzera gonbidatu dituzte. "Etorri taldeak animatzera, goiz bikaina igaroko dugu eta". Zelairatzen lehenak etxeko taldeak aurten gonbidatu dituen bi taldeetako ordezkariak izango dira; Errotazarrera bertaratzen direnek, beraz, Elgoibarren eta Lekeitioren aurkako partida ikusteko aukera izango dute lehenengo.

Atsedenaldi txiki baten ostean, jardunaldiko bigarren partidarekin jarraituko dute; 11:15ean hasiko den partida horretan, etxeko taldeak Lekeitioko taldea izango du aurrez aurre. 12:00etan hasiko da eguneko azken partida eta, bertan, Amaikak Batek Elgoibarko taldearen aurka neurtu beharko ditu indarrak.