Aurrez, irailean, Debako Udalarekin elkarlanean eta EMUN-en laguntzarekin, zuzendaritza taldeak eta entrenatzaileek, denek batera, euskararen inguruko hausnarketa saioak egin zituzten. Futbolak orokorrean eta bereziki Amaikak Bat-ek Debako gazteengan duten eragina kontuan izanda, euskararen erabilera areagotzea du helburu hausnarketa horrek. Azken saioan, kirola eta euskararen bueltan, Pedro Mari Goikoetxea ETB-ko kazetari izan zen hizlari eta mintzalagun.
Hausnarketa horren ondorioz, hainbat ekintza jarri dira abian. Hasteko, elkartean euskararen presentzia bermatu eta erabilera areagotzeko helburuarekin, Amaikak Bat-eko zuzendaritzak hizkuntza-irizpideak zehaztu ditu.
Errota Zar-eko sarreran, toki nabarmenean, Tene Mujikaren aipua idatzi da: «… elearen osasuna gaztedian dago: iraungo badu gizaldi guztietan erabiliko duten gazteak behar ditu». Alde batetik, Tene Mujikari, haren heriotzaren 40. urteurrenean, omenaldi xume bat egiteko; eta, bereziki, Errota Zar-era datozen guztiak euskaraz egitera gonbidatzeko.
Azaroaren 22tik abenduaren 5era, Topaguneak bultzatu eta Debako Apakin guraso taldeak sustatutako EAE mailako ‘Haurren aurrean, helduok heldu’ ekimenean ere hartu du parte Amaikak Bat-ek. Umeen bueltan dabiltzan helduek hizkuntza-praktikak aldatzeko eta euskara gehiago erabiltzeko aktibazio-ekintzak izan dira.
Horiez gain, hilabeteko ekitaldiak biribiltzeko Zuhatza Euskara Elkartearekin elkarlanean, ‘Euskararen aldeko gola’ lehiaketa egitea zen asmoa. 10-15 urte bitarteko neska-mutilentzat zegoen pentsatuta jokoa: zelai erditik gola sartzen zutenek Zuhatza Euskara Elkartearen eta Amaikak Bat-en opariak jasoko zituzten. Hala ere, hilaren 11ko uholdeak futbol-zelaian sortutako kalteak medio, azken bi ekintza horiek bertan behera laga behar izan zituzten. Edozein modutan, laster berreskuratuko dituztela aipatu digu elkarteko diruzain Joseba Gorosabelek.