Denboraldi amaierarekin batera, “bere jarduna bukatutzat emateko ordua iritsi” dela adierazi du Amaikak Bat Kirol Elkartearen egungo zuzendaritza batzordeak. Hilaren 24rako ohiko eta ezohiko batzar nagusia deitu dute, eta hautagaitzarik aurkeztuz gero, bertan egingo dute zuzendaritza batzorde berriaren aukeraketa ere. Hori horrela, agintaldi berrian batzordeko kide izan nahi dutenei edo interesa dutenei zerrenda bat osatzeko eta hauteskundeen parte hartzeko eskatu die klubak.
Klubak, zehazki, Jose Mari Soto egungo presidenteak sinatutako eta zuzendaritza batzorde guztiak aho batez babestutako gutun baten bidez jakinarazi du erabakia. “Urte asko dira Amaikak Baten lanean dihardugula, eta idatzi honen bitartez, aire freskoa ekartzeko gonbidapena luzatu nahi diogu Debako herriari. Bazkideak, gurasoak eta klubeko beste kide batzuk animatu nahi ditugu, hurrengo urteetan kluba zuzenduko duen zerrenda osatzeko aurrerapausoa eman dezaten”.
Jose Mari Soto (klubeko egungo presidentea): “Egoera hori desblokeatzeko premiazkoa da pertsonak edo pertsona taldeak egungo zuzendaritzara hurbiltzea, kluba datozen urteetan zuzenduko duen zerrenda bat osatzeko”
Oharrean, besteak beste, zuzendaritza batzordea aldatzearen eta erreleboa eskatzearen azalpenak ere eman ditu Sotok. “Zuzendaritza honen zati batek urteak daramatza klubaren kudeaketaz arduratzen. Uste dugu gure zikloa bete dugula eta beste pertsona batzuek ordezkoa hartu behar dutela”. Eta ohartarazi du klubean urte gehien eman dituen presidentea bihurtu dela. “Nik, pertsonalki, zortzi urte daramatzat presidente eta beste bost zuzendari; klub hau urte gehien zuzendu duen presidentea naiz, Amaikak Bateko taldeetan nahiz eta seme-alabarik ez izan”.
Kaleratutako idatzian zehaztu duenez, egungo zuzendariekin ez dira gai izan hurrengo lau urteetan kluba zuzenduko duen hautagaitza bat osatzeko. Baina egoera hori desblokeatzeko ohartarazi du premiazkoa dela “pertsonak edo pertsona taldeak egungo zuzendaritzara hurbiltzea, kluba datozen urteetan zuzenduko duen zerrenda bat osatzeko”.
Arlo ekonomikoari eta sozialari dagokionez, kluba “oso osasun onean” dagoela azpimarratu du Sotok
Zentzu horretan, gaineratu du egungo batzordeko kideak prest leudekeela aurkezten den zuzendaritza batzorde berriari laguntzeko. “Gu prest gaude denboraldi batean beraiekin egoteko. Modu horretara, zuzendaritzako kideek behar duten esperientzia hartuko dute eta, aldi horren ondoren, hurrengo ziklorako zuzendaritza talde bat osatu ahal izango dute”.
Are gehiago, kirol elkartearen zuzendaritza batzordearen ardura hartzeko “une egokia” dela gogora ekarri du Sotok. Arlo ekonomikoari eta sozialari dagokionez, besteak beste, kluba “oso osasun onean” dagoela azpimarratu du. “1.000 bazkide baino gehiago ditugu, eta pertsona asko ere (entrenatzaileak, zuzendariak, taldeetako arduradunak, gurasoak) Amaikak Baten alde lan egiteko prest dago”.
Errotazar zelaiko kirol instalazioek ere “kalitate handia” dutela esan du eta kirol arloari dagokionez ere, egoera onean dagoela kluba. “Kategoria askotan lurraldeko maila gorenean lehiatzen ari gara. Baina guretzat garrantzitsuena da debar gazte askori kirola egiteko aukera ematen diogula; gutxi gorabehera, 300 bat gazte daude klubean, eta hortik %25 neskak dira”.