Egungo Amaikak Bateko zuzendaritzakideen esanetan, XX. mende hasieran hasi ziren futbola ezagutzen Deban. Hona hemen hastapenetako garai haietan esanguratsuak izan ziren zenbait gertakizun:
1907an lehen partida jokatu zen Bastiñoi-txiki zelaian, zumardian, eta handik sei urtera, 1913an, Itsas-Ertz zelaia inauguratu zen, hondartzaren ondoan. Urte berean sortu zen Or-Nauk taldea ere; 1920 aldera, baina, Itsas-Ertz baztertu egin behar izan zuten, mareen ondorioz egoera txarrean zegoelako, eta lehen futbol klub hura desagertu egin zen.
Lagun Artea sortu zen gero, eta Itsas-Ertzen egoera kaskarrarengatik 1923-1924an Azkoitian ibiltzen ziren jokoan. Azkenik, 1924an Montreal zelaia eraiki zuten, egungo anbulatorioaren eremuan. 1926-1927an Lagun Artea desagertu egin zen, zortzi jokalarik lehenengo mailako klubekin fitxatu zutenean.
Hiru bat urtera, 1930ean, jaio zen Amaikak Bat, eta Montreal zelaian aritzen ziren jokalariak. 1944an, industria-garapenaren ondorioz, Montreal zelaia desagertu, eta taldeak ere bere jarduera utzi zuen. Jose Mari Sotok esandakoaren arabera, “1946. urtera arte, hainbat arrazoirengatik, bereziki gerra zibilarengatik, agertzen eta desagertzen ibili zen kluba, baina urte hartan berriro hasi zen martxan, gaur egunera arte, lehen denboraldiak Mutrikun jokatuz. Hain justu, horrexegatik ospatzen da aurten 75. urteurrena, 1946tik aurrera kontatzen dugulako klubaren historia jarraipen batekin”.
Bitxikeriak ere oroitzen dituzte atzera begira jarrita. Esaterako, lehen baloia Debara 1907an heldu zenekoa Bittor Mallabiabarrena eta Jose Mari Urangaren eskutik; edo, 1948an, Errota Zar zelaiaren inaugurazioan 3542 zale izan zirela Amaikak Bat eta Eibarren arteko partida ikusten; edo 1950eko abenduaren 5ean Errota Zarreko tribuna inauguratu zutela, Atotxatik ekarritako tribunarekin…
“Egindako ibilbidea izugarria izan da”, dio Joseba Gorosabelek. “Herri txiki bat izan arren, kluba beti egon da Gipuzkoako futbol mailarik altuenetan. Adibide gisa, Lagun Artea desagertu izana zortzi jokalari lehen mailako zenbait ekipok fitxatu zituztelako. Beste adibide bat ematearren, 1955-1956 denboraldian, hiru debar lehen mailan entrenatzaile aritu ziren, lehen mailan 16-18 ekipo baino gehiago ez zirenean: Galarraga (Cultural Leonesa), Urbieta (Murtzia) eta Urquiri (Alaves)”.
Izan ere, Amaikak Bat taldeko hainbat jokalarik jokatu dute lehen mailan: Galarraga, Urbieta, Izaga, Ulazia, Riesgo… Nabarmenentzekoa, era berean, Berasaluze (Europako bost kopa irabazi zituen Real Madrilekin).
Kluba 1961-1962an txapeldun izan zen Gipuzkoa ligan, hirugarren mailara igotzeko eskubidea lortuz. Gainera, urte horretan, jokalari bat bera ere ez zuten zigortu eta kiroltasun eta joko garbiaren saria eskuratu zuen. Baina, diru-arazoak medio, uko egin zioten hurrengo urtean hirugarren mailan jokatzeari.
Oztopoen gainetik, osasun onean
Oztoporik gabeko biderik ez da, ordea. Futbol zelaiak, ibai ertzean egonik, hainbat uholderen ondorioak jasan ditu. Adibidez, 1983an, edo 2005ean (lehen belar artifiziala jarri eta handik hilabete gutxira uholdeek dena hondatu zuten). Zailtasun ekonomikoak ere izan dituzte urteotan; hastapenetan desagertzeraino, edo geroago hirugarren mailari uko egin behar izateraino.
“Bestetik, herri txikia izanik, talde batzuk, batez ere neskenak, ateratzea zaila izaten da”, aipatzen du Gorosabelek.
Dena dela, egungo Amaikak Bat-i erreparatuz gero, bistan da osasun onean dela uneotan. 2021-2022 denboraldirako 141.700 euroko aurrekontua du, hamar talde eta futbol eskola bat (2010-2013 jaiotakoekin). Horietatik zazpi mutil talde (ohorezko erregionala, jubenil ohorezkoa, kadete ohorezkoa, kadete 1.a, infantil ohorezkoa, infantila eta alebinak) eta hiru neska talde (ohorezko erregionala, kadete 1., eta infantila).
Klubaren jokalari kopurua orotara 288koa da (84 neska eta 204 mutil), entrenatzaileak 46 dira, txirrindularitza atala ere badu (Maider Aizpurua du lehendakari), bazkideak 1022 dira, eta zuzendaritza taldeaz gain 22 laguntzaile ditu.
Hamaika hilabete; hamaika ekimen
“Amaikak Bat-en urteurrena –nabarmendu du Sotok–, herriarentzako ekimenetan oinarritu nahi izan dugu, izan ere, Amaikak Bat ez litzateke izango Debako herria, jendea, erakundeak edo elkarterik gabe. Horregatik, eta Amaikak Bat izenarekin jolastuz, 11 hilabetetan 11 gai ezberdin planteatu ditugu, eta bakoitzean Amaikak Bat osatzen dugun familia barneratu”.
Irailean bazkideen inguruko ekitaldiak izan dira, eta urrian kulturaren ingurukoak (Kukai eta Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketa). Azaroan, entrenatzaileen ingurukoak izango dituzte, eta abenduan euskararen bueltakoak. Datorren urtean, berriz, honela banatu dituzte hilabeteka ekimenen gaiak: urtarrilean jokalariak, otsailean babesleak, martxoan emakumeak, apirilean txirrindularitza, maiatzean zuzendaritza, ekainean futbol eskola eta uztailean futbol zelaia. Urtemuga ekintza berezi batzuek itxiko dute 2022ko abuztuan.
“Ekintza hauen guztien helburua 75. urtemuga herriarekin batera ospatzea da, beti izan dugun gertutasuna mantentzea eta, nola ez, gure 1022 bazkideen eta, oro har, herriaren laguntza eskertzea”, azpimarratu du Gaizka Ayastuyk.
Etorkizuna eta erronkak
Aurrera begira jarrita, lanean jarraitzeko gogoz daude zuzendaritzakideak. “Klubaren helburua beti izan da herriko neska-mutilek kirola egiteko aukera izatea, eta horri heldu nahi diogu hurrengo urteetan. Egungo taldeei eutsi eta ahal den neurrian hazi egin nahi genuke eta, bereziki, emakumeen taldeak sendotu”. Amaikak Bat osatzen duen “familia” mantentzea ere jomugan dutela dio Xabier Sagarnak, “aniztasun handia duen elkartea baita Amaikak Bat, eta, aldi berean, herritarrak sozializatzeko puntu bat”.
“Elkartean eta zelaian euskararen erabilera sendotzea beste erronka bat da”, dio Sagarnak. Azken hilabetean Udalarekin elkarlanean ari dira euskararen presentzia are handiagoa izan dadin. Epe motzera begiratuta, berriz, urtemugarekin batera esku artean duten erronka handienetako bat belar-zelaia aldatzea da. Horretarako, elkarlanean dihardute Udala, Erreala, federazioa eta abarrekin; “ea lortzen dugun!”.
Erronkak ez dira falta, baina lan egiteko gogoa are gutxiago, ez baitute Deba Amaikak Bat gabe irudikatzen. “Gu geu ez gara egongo hemendik urte batzuetara; etapa bat amaitutakoan elkarteko zuzendaritzak erreleboa izatea komenigarri ikusten dugu, aurrekoekin egin genuen bezala, elkartea beti gazte izan dadin”.