Amaikak-Batek lehen emakume taldea omendu du martxoan

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2022ko mar. 17a, 11:11

Amaikak-Batek bere 75. urtemuga ospatzeko antolatutako ekimenekin jarraitzen du. Iazko irailetik, hilabetez hilabete, gai bat hartu du klubak ardatz eta nolabait aitorpena ere egin nahi izan dio gai horren bueltan aritzen den jendeari; hitzaldi, ikastaro, partida eta abarrak antolatuz. Emakumezkoen Nazioarteko Eguna martxoan ospatzen denez, Amaikak-Bateko emakume taldeari merezitako omenaldia egiteko baliatu nahi izan dute hilabetea.

Martxoaren 12a haiei eskainitako eguna izan zen, eta Deban emakumezkoen futbolean lehen hazia jarri zutenei omenaldia egin zitzaien, haiek eta ondorengo guztiak gogoratu nahian. Neska taldeen koordinatzaile Angel Mari Galindezen esanetan, “eurei esker gaude gauden tokian eta, aurrerantzean ere, lanean jarraituko dugu Amaikak-Baten emakumeen presentzia handitzeko”.

Bi partida jokatu ziren hilaren 12an Errota Zarren: mutil nagusien taldeak Ordiziaren aurka jokatu zuen, eta neska nagusien taldeak Arizmendiren aurka. Bi partiden artean egin zitzaion omenaldia Amaikak-Bateko lehen neska taldeari (pintxo potea ere egin zuten gero).

Taldearen sorrera eta ibilbidea

1998an, Amaikak-Batek bere lehen emakume taldea atera zuen, Julian Ruizek eta Jose Ignacio Antolinek entrenatuta; 23 neska ziren taldean. Talde honek Gipuzkoako beste 14 klubekin batera Gipuzkoako Futbol Federazioko txapelketan hartu zuen parte. Nolanahi ere, klubeko kideek aitortzen dute hasieratik zailtasunak izan dituztela emakumeen taldea mantentzeko. Herri txikia izanik, hain zuzen, taldea osatzeko gutxieneko neska kopurura heltzeko hainbat buruhauste izan ditu zuzendaritzak.

Gaur egun, Debako futbolean, eta, zehazkiago, Amaikak-Baten, emakumearen paperak presentzia nabarmena du: benjamin talde bat eta bi alebin talde daude futbol eskolan; eta infantil, kadete eta senior talde bana federatuen artean. Emakumeen presentzia indartzen ari da taldearen barne-egituretan ere, entrenatzaileen artean eta zuzendaritzan, kasu.

Lorpen aldetik, lehen kadete mailan txapeldunen finalera hiru aldiz heldu da taldea, eta bitan izan da txapeldun (iaz azkeneko aldiz) eta ohorezko kadete mailan ere egon izan da urte batzuetan. Lehen taldea, berriz, ohorezko mailara igo zen (Gipuzkoako kategoria gorena) duela bi denboraldi, eta bertan jarraitzen du.

Galindezen hitzetan, “urtero kostatzen da taldeak ateratzea. Emakumezkoen futbola asko igo da, baina oraindik ez da nahikoa, Debako biztanle kopuruarekin, egitura egonkorra izateko”. Hori hala, Amaikak-Batek lanean eta “apustu sendoa” egiten jarraituko du emakumezkoen futbola bultzatzeko. Bide batez, klubeko zuzendaritzak neskak futbolera gertura daitezen animatu nahi ditu.

Arg.: Ander Salegi