Amaikak Bateko ordezkariak “oso pozik” agertu dira Martuteneko Torneoko kopa irabazi ondoren. “Txapelketa batetik kopa bat etxera ekartzea, egia esan, sekulakoa izan da jokalarientzat. Orain momentuan ligako igoera fasea lehiatzen ari dira, eta fase hau oso gogorra izaten ari da eurentzat. Izan ere, beste talde guztiak gu baino nagusiagoak dira eta hori igarri egiten da emaitzetan ere”.
Martutene Kirol Elkarteak antolatutako futbol 8ko haur mailako nesken torneoa bi fasetan jokatu zen. Parte hartu zuten hamasei taldeek multzokako fasea jokatu zuten goizean eta arratsaldean, berriz, Ligako eta Kopako faseak lehiatu zituzten. Amaikak Bateko jokalariek ez zuten zorte handiegirik eduki goizean jokatu zen multzokako fasean. Lehenengo partida 1-0 galdu zuten Hondarribiaren aurka eta bigarren partida 1-0 irabazi zuten Urnietaren aurka. Goizeko hirugarren partida, aldiz, 4-0 galdu zuten Martutene A taldearen aurka.
Multzoko hirugarren sailkatu modura, Kopako fasea lehiatzeko sailkatu ziren debarrak. “Multzo bakoitzeko aurreneko bi sailkatuak Ligako fasea lehiatzeko sailkatzen ziren zuzenean eta hirugarren eta laugarren sailkatuak, berriz, Kopako Faserako. Gure kasuan, gure multzoko hirugarren sailkatu ginenez, Kopako Fasean aritu ginen arratsaldean”.
Arratsaldean beste hiruna partida jokatu zituzten Amaikak Batekoek, eta guztietan “emozioa” nagusi izan zela azpimarratu dute. Final-laurdenetan husna berdindu zuten Intxaurdiren aurka eta, ondorioz, penaltietan erabaki behar izan zuten finalerdietarako txartela. “Intzak eta Iraidek sartu zituzten gol erabakigarriei esker lortu genuen hurrengo faserako txartela”. Finalerdietan, berriz, bana berdindu zuten Añorgaren aurka. Kasu horretan ere penaltietan erabaki zen finalerako txartela; 2-1 irabazi zuten.
Finala ere penaltietan erabaki zen. Husna berdindu zuten Zarautzen aurka, eta aurreko bi partidetan modura, penaltietan amaitu zuten. Hiru jaurtiketa egin zituzten debarrek, eta guztietan aldeko gola sartu ondoren, 3-2 irabazi zuten partida eta, ondorioz, Kopa faseko garaipena ere.