Hitzaldia oso ondo joan zen eta hizlariak bullyingari buruz eta bere esperientzia pertsonaren bueltan hitz egin zuen. Balorazio modura, solasaldira bertaratu ziren herritar batzuen iritziak jaso nahi izan ditugu.
Askok "hunkigarria, zoragarria, beharrezkoa, gogorra..." bezalako hitzekin deskribatu zuten hitzaldia. Eta esker oneko eta sentimenduz beteriko mezu asko jaso genituen. Hona hemen horietako batzuk:
-"Barruraino sartzen diren mezuak... ea ez ditugun ahazten eta presente ditugun".
-"Arrakastatsua hitzaldia. Arrazoi zuen Iñakik, gaur lorik ez dute egingo gutxi batzuek. Handia Iñaki!"
-"Ni oraindik lurrera ezin jaitsita bezala nago, Iñakiren hitzetan, bere hausnarketetan eta bere izaeraren handitasun horretan harrapatuta".
-"Nire partetik, eskerrak eman nahi nizkizueke denei hitzaldi hau antolatzeagatik. Oso beharrezkoa iruditzen zait. Deban kirol nazionala izan da bullyinga. Jendeak oso barnetik eta isilean darama, baina bullyingak izenik ez zeukanean, jende askok eta askok pairatu genuen, zoritxarrez".
-"Ni pena handiz geratu nintzen lanean harrapatu ninduelako, baina nire senarrak kontatu dit zerbait eta alabak ere bai. Oso hunkituta etorri ziren biak, neronek kontatutako gauza askorekin kointziditu zuelako".
-"Irakasleek beste alde batera begiratu zuten eta begiratzen dute egun ere; sarri kalte galantak eraginez, horiei ematen diete indarra. Irakasle zaretenoi erne egoteko baino ez dizuet eskatuko. Eta, berriz ere, mila esker, bihotzez".
-"Eskerrak eman nahi dizkizuet Iñaki ekartzeagatik, horrelako hitzaldi gehiago behar ditugu. Oso garrantzitsua da jendea kontziente izatea eta hori bera gure seme-alabei helaraztea. Mirestekoa da Iñaki Zubizarretak egin duen barne lan handia, bizitza basatiaren esperientzia. Hain garrantzitsua izan zen bi orduetan une oro esan zuen guztia... bizitzarako ezinbesteko mezuak helarazi zituen. Horrelako hitzaldi gehiagorengatik, mila esker".