KOLABORAZIOA

Urtebetez lanean, pantailen erabilera arduratsua sustatzeko helburuz

Altxa Burua Deba-Itziar taldeak urtebete darama lanean. Pantailei buruzko formakuntza saio batean sortu zen hasierako talde eragilea eta gerora jende gehiago batu zaigu taldera. Teknologiaren gehiegizko erabilerarekin kezkatuta dagoen guraso talde bat gara, eta izen bereko Gipuzkoako sarearen baitan gaude. Pantailen erabilera goiztiarrak haurren garapen fisiko, emozional eta intelektualean dituen ondorioekin kezkatuta gaude eta elkarri laguntzeko eta indarra egiteko elkartu gara.

Udalaren laguntza ekonomikoarekin, hainbat ekintza egin ditugu urte honetan. Hasteko, Miren Ros aditua Luzaroko LH4ko haurrekin izan zen eskola orduetan; saioen helburua pantailen erabilerari buruzko hausnarketa sustatzea izan zen, erabilera ahalik eta kontzienteena eta egokiena bilatuz. Era berean, LH4ko umeen gurasoekin ere bildu zen Miren Ros eta, hortaz, ikasleek eta familiek mezu bateratua jaso zuten. Datozen hiru ikasturteetan ere egingo da ekimena.

"Sinadurak biltzeaz gain, herriko hainbat toki mugikorrik gabeko arnasgune izatea adostu da"

Gainera, Rosek bi hitzaldi eman zituen Deban eta Itziarren: bata haur txikienen gurasoei zuzendua, eta bestea haur nagusiagoak dituztenei bideratua. Bertan izan zirenek balorazio positiboa egin zuten, hausnarketak eta kezkak partekatzeko aukera izan baitzuten.

Uda aurretik, Gurea erabil dezakezu kanpaina hasi genuen. Egitasmoa 8-16 urte bitarteko haur eta nerabeei zuzenduta dago, eta adin tarte horretan sakelako telefonoa edo erloju adimenduna erabiltzeko beharra murriztea du helburu. Kanpaina Debalai elkartearen eta beste zenbait dendariren laguntzaz jarri zen martxan; beren establezimenduetako telefonoak erabilgarri jarri dituzte, haurrek eta gazteek behar dutenean erabiltzeko. Itziarren ere abian da ekimena, hainbat denda eta tabernatan.

Irailean, bestalde, Luzaroko ikasturte hasierako maila guztietako bileretan proiektuaren berri eman zen, eta ikasturte honetarako mugikor adimendunen erabilerari buruzko hitzarmenak lortu ziren. Eta gauza bera egin genuen DBH1eko ikasturte hasierako bileran ere.

Ikasiz taldearekin bi formakuntza saio antolatu genituen azaroan eta plaza guztiak bete ziren (saio bakoitzeko 25). Oso saio praktikoak izan ziren eta askotariko gaiak landu genituen: haurren gaitasunak, mugak, familia planifikazioa, Interneteko arriskuen kudeaketa…

Abenduan, berriz, Altxa Burua Gipuzkoatik abiatutako sinadura bilketarekin bat egin genuen, Jaurlaritzari eskolak sakelako telefonorik gabeko arnasgune bihur-tzeko beharrezkoa den marko juridikoa sortzeko eskatuz. Sinadurak biltzeaz gain, herriko hainbat toki mugikorrik gabeko arnasgune izatea adostu da, hala nola Luzaro eta Mendata BHI ikastetxeetako eremuak, haurreskola, udal liburutegiko haurren txokoa, herriko haur parkeak, pediatriako itxarongela, eta dantza eta musika eskola. Gai honi buruzko lanketa abian da Itziarren ere.

 

Kanpaina berria Gabonen bueltan

Gabonen atarian, Kontuz! Oparia dirudi… baina ez da! kanpaina egingo dugu, mugikorraren erabilera ezegokiak sortzen dituen ondorio kaltegarriak azaleratzeko asmoz. Smartphonea ahalik eta beranduen emateak gure haurren osasun mentala zaintzen lagunduko digu.

Aurrerantzean ere formakuntza saioak, emanaldiak, erronkak... antolatuko ditugu. Beraz, ekimenetan parte hartzeko deia egiten diegu Altxa Buruaren helburuekin bat egiten duten guztiei.