Ikurrina gustuko dut. Dituen koloreak gustatzen zaizkit, alaia iruditzen zait, eta geurea baino ez da, euskaldunona. Nortasunaren adierazle, herri izatearen ikur, beste herrietatik desberdintzen gaitu eta geure artean berdintzen gaitu, izan ditzakegun diferentziak lautuz.
Ume ginela, zenbat ikurrin marrazten genuen! Ez zegoen ikurrinik gabeko marrazkirik. Itsasontziek ikurrina zeramaten, etxeko teilatuaren puntan ere ikurrina ondo gelditzen zen, eta zer esanik ez orri zuri-zuria ikurrin bihurtzen genuenean!
Geurea zela irakatsi ziguten, eta maite genuen. Askotan marrazten genuen arren, etxe barruan mantendu beharreko marrazkiak zirela bagenekien. Beldurra ere behin baino gehiagotan sentitu genuen zintzilik ikustean. Igande batean mezatara gindoazela, Guardia Zibila elizako kanpandorrean zintzilikatutako ikurrinari tiroz ari zitzaion; eta San Rokeen hasierako egun batean, abuztuaren 14an, danborradako orduan, plazan, norbaitek ikurrina atera zuen jende artean. Nire belaunek oraindik ere dar-dar egiten dute hura oroitzean.
Beranduago etorriko zen ikurrina legeztatu zuten eguna. Egun benetan pozgarria! Zenbat ikurrin ez ote zituzten saldu Arriola dendan! Eta zenbat ez ote genituen zintzilikatu etxeetako leiho eta balkoietan!
Legezkoa bihurtu zen, edozein lekutan atera daiteke, baina gutxitan ikusten dugu gure etxeetan. Ez da denbora asko Aberri Eguna izan dela. Egun berezia da abertzale garenontzat eta beti gustatu izan zait etxeko leiho eta balkoietan ikurrina ikustea. Aurten, beste urte batzuetan baino gehiago ikusi ditudala iruditzen zait. Datorren urtean ere nahiko nuke gure herrian ikurrina ikusi!