Apirilaren amaierak Done Jakue bideko aterpetxearen irekiera ekarri digu, 2 urtez itxita egon ondoren. Eta aterpetxea irekitzearekin batera, bertan zerbitzua eskaintzen duten bolondresak ere itzuli dira aurretik betetzen zituzten eginkizunetara.
Gure herrian pentsatu baino gehiago dira bolondresei esker aurrera egiten duten talde eta entitateak. Mota guztietakoak dira, gainera. Politika mundutik hasi, kirol kutsukoetatik jarraitu, musika arloa igaro eta Parrokian amaitu arte.
Talde askok bolondresik gabe ezin izango lukete aurrera egin, ez baitago hauek egiten duten lan guztia ordaintzeko adina diru. Baina, hau horrela bada ere, askotan ez gara konturatzen zenbat lan isil eta zenbat lekutan egiten duten, zenbat gauza ditugun gizon-emakume hauen lanari esker.
Bolondresak ez du inoren esker onik behar izaten. Egiten duen hori gustatzen zaiolako egiten du, askotan gizartean sortzen duen onura zenbatekoa den neurtu ere egin gabe. Besteen gozamenerako edo eta gainerakoek hainbat ekintza eta jarduera izan ditzaten ematen ditu bere denboratik hainbat ordu, eta askotan, baita patrikatik dirua ere.
Ingurura begiratzen baduzu, zure gustuko jardueraren bat eskaintzen duen talderen bat ikusiko duzu seguru. Guztietan hartuko zaituzte besoak zabalik. Eta zaude ziur hauetakoren baten parte izateak sortuko dizula uste ez duzun gozamena. Probatu ezazu!!!