'F5' eguneratu... edo freskatu

Erabiltzailearen aurpegia Ainara Sedano 2025ko mar. 6a, 09:55

Kazetaritzari kritika latza egin ohi diogu hedatzen duen informazioa egiarekin edo gertakariekin kontrastatzen ez duenean. Eta guk barneratzen, sinesten eta zabaltzen ditugun informazioekin zorroztasun berberarekin jokatzen ote dugu?

Azkenaldian nahi baino maizago ari naiz konturatzen errepikapenak gauzak sinetsarazten dizkigula; batzuetan, gainera, gauza horiei buruz ideiarik ere izan gabe. Adibidez, 2 edo 3 iturri ezberdinetatik teoria edo iritzi bera entzuten badugu, guk sinetsi eta lorito batek bezala errepikatzen dugu; egia izan ala ez, jakin ala ez, ulertu ala ez, hautatutako jarrera defendatzeko gai izan ala ez.

"Iruditzen zait beste batzuen esloganak sarriegi errepikatzen ditugula, irizpide gutxiegirekin;  geure egiten ditugula, baina gure irizpideen iragazkitik pasatu gabe"

Iruditzen zait beste batzuen esloganak sarriegi errepikatzen ditugula, irizpide gutxiegirekin; geure egiten ditugula, baina gure irizpideen iragazkitik pasatu gabe. Entzundakoak gustatu zaizkigulako, gure pentsamoldearekin bat datozelako, gure postura indartzen laguntzen digutelako, esaten dituen pertsona atsegin edo miresten dugulako. Norberarentzat, nire arrazoiaz neure burua konbentzitzeko. 
Gezurrak ahoz aho abiadura beldurgarrian barreiatzen ikusi ditut. Gaur egun, sareek sekulako azelerazio boterea ematen digute, inongo baldintzarik bete beharrik gabe. Edozer jaurti daiteke ziberespaziora, eta seguru jarraitzaile edota sinestunak lortuko dituzula. Eman eta zabal ezazu.

Nire buruarentzat etxeko lana nire irizpideei buruzko hausnarketa bat egitea izango da behintzat; nire iritziak nireak edo beste norbaitenak diren pentsatzea. Hausnartu, bahetu, eta nire iritzia dela seguru nagoenean... 'F5' sakatu; eguneratu eta freskatu.

Eta zure iritziak zureak al dira?