Ez naiz batere jakitun hirigintza eta eraikuntzei buruzko legedia kontuetan, ezta hiri-antolamenduan ere, eta idaztera natorren hitz hauek nire iritzia besterik ez dira. Segur aski aditu batek nik ezagutzen ez ditudan azalpenak eman ahalko lizkioke gero eta gehiago arduratzen nauen gai honi, baina zalantza serioak dauzkat balioa ematen ari garen gauzei buruz.
"Zer esango dizuet ba? Nire planetan, porlanezko paisaiak ez dira inolaz ere arnasgune, bertan lau azenario landatzen badituzte ere"
Aurrerakuntzaren aldekotzat dut nire burua, eta kontziente naiz arlo batzuetan garapena lortzeko beste alderdi batzuetan kalteak sortzen ditugula zenbaitetan, baina honen neurriak kezkatuta nauka; ez ote gabiltzan mugak non dauden jakiteko ikuspegia galtzen. Batez ere, ez ote gauden garapenaren izenean naturari, eta aldi berean geure buruari, egiten ari garen kalteen kontzientzia galtzen. Eta kalte horiek ez ote diren itzulezinak.
Badirudi eraikitzen den etxe berri sorta bakoitzarengatik, nik ezagutzen ez dudan proportzio batean, zenbait zuhaitz berri landatu behar direla. Eta nik izendatu ahal izango nituzke zuhaitzak moztu edo kendu diren zenbait toki (bai Deban, bai beste zenbait herri edo hiritan), baina oraindik ez ditut aurkitu eta ez dakit non dauden eraiki diren etxe berriengatik landatu diren zuhaitz berriak; ez dakit lehenago ez zegoen zein parke berri sortu den, belarrez eta zuhaitzez betea, eraikuntza berrien truke.
Gainera, gaur egun eraikitzen diren parke berriak maiz porlanez eginak daude eta... zer esango dizuet ba? Nire planetan, porlanezko paisaiak ez dira inolaz ere arnasgune, bertan lau azenario landatzen badituzte ere.