Leku geografiko batera kateatua sentitzen dut maiz nire burua eta, era berean, ez naiz nolabait bertako sentitzen.
Ohartzen naiz leku geografiko zehatzak ez duela zerikusirik sentimenduarekin berarekin, zulo sakonago batekin baizik; betidanik zainetan bueltaka daramadan bolatxo batekin. Buelta, eta buelta, eta buelta, eta beti hor. Zirkuitu itxian biraka. Irteerarik gabeko zirkuituan. Irteerarik gabeko zirkuituan???
Tentuz pentsatuz gero, zentzugabekeria dirudi. Sentitzen ditudan gauzek ez baitute ni neu ulertzeko gai naizen zentzurik ere.
Zalantza izan ohi dut lur honetara lotzen nauten lokarri hauek jaioterrian botatako sustraiak ote diren, kate astunak diren edo, aldiz, libreago egiten nauten hegoak diren, ohituren eta familiaren mandatuak diren, leku ezagunak ematen duen erosotasuna den, halako apustu bati aurre egiteak suposatzen duen erronka den, eta azken honi aurre egiteko behar den adorea…
Aske samar sentitzen naizelako batzuetan alde egiteko, baina, joan arren, bueltatu nahi izaten duelako sarri alde egin duenak. Hau ote da aberria… kanpoa ikusteko gogoa izatea, beste mundu guztia ezagutzea, beste norbait beste nonbaiten izateko aukera bizitzea eta hori guztia bizipenen liburuan behin idazteko aukera izatea, pertsona helduago modura norbere errora bueltatzea.
Ez dut sekula ondorio garbirik ateratzen. Eta, momentuz, hemen trabatuta geratzeko asmotan nago… ez nago batere gaizki!