Euskaraldia

Hiru ekintza antolatu dituzte Euskaraldia girotzeko

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko api. 11a, 09:15

Asteburu osoa hartuko dute Euskaraldia girotzeko programazioaren barruan antolatutako ekintzek.

Lehenbiziko ekintza gaur (apirilak 11) izango da. Kuadrillen arteko jolasak egingo dituzte 20:00etan hasita, Plaza Zaharrean. Gogorarazi dutenez, jolas presentzialetan edonork parte hartu dezake (taldean edo banaka).

Bihar (apirilak 12), berriz, Oihana Arana eta Beñat Gaztelumendi bertsolarien eskutik Itsu koplak izeneko saioa izango da 13:00etan, Plaza Zaharrean. Antolatzaileek azpimarratu dutenez, euskarara hurbiltzen ari den jendearentzat dago bereziki zuzenduta ekintza, hau da, Belarriprest-entzat. "Bertsolaritzara hurbiltzeko ariketa nahiko erraza eta polita izan daiteke", gaineratu dute.

Biharamunean (apirilak 13), azkenik, Euskaraldia Andereño Rositarekin antzerki-bakarrizketa izango da. Hitzordua Itziarko Burugorri gainean jarri dute, 18:00etan hasita.