GUTUNA

"Elkar mugituz egingo dugu!"

Erabiltzailearen aurpegia Euskaraldia Deba 2025ko ots. 6a, 10:27

Pasa den urtarrilaren 30ean egin genuen Euskaraldia antolatzen hasteko lehen batzar irekia. Jende asko batu ginen Agirre jauregiko Ispiluen gelan, hogei bat lagun guztira, eta lan egiteko gogoz agertu zen taldea.

Deban euskarak bizi duen egoeraz hausnartu genuen, baita Euskaraldiak izan dezakeen indarraz eztabaidatu ere. Eta, hasteko behintzat, batzordearen bi helburu nagusiak ere zehaztu genituen: 

  • Euskaraldian ahalik eta herritar gehienek parte hartzea.
  • Batzorde/talde indartsu eta polit bat sortzea, eta ondo pasatzea.

Hurrengo bileretan, asmoa dinamika, ekitaldi, kanpaina… interesgarriak sortzea da, herritarrak motibatzeko eta taldera batzeko helburuz.

Bi aste barru (otsailaren 13an) elkartuko gara berriro, lehenengo pausoak zehaztu eta lanak banatzeko. 18:00etan izango da batzarra, Agirre jauregiko ispiluen gelan. Lerro hauen bitartez, beraz, taldera batzeko gonbidapena egin nahi diegu herritar guztiei, zenbat eta gehiago elkartu, orduan eta eragin handiagoa izango dugu eta. Beraz, xaxatu zuen ingurukoak! Zabaldu ikusmira, aurreiritziak astindu!

Elkar mugituz egingo dugu!