Zuhaitz Gurrutxagak 'Nortasun agiria' bakarrizketa dakar bihar Debara

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko ira. 11a, 11:36

Martxoan estreinatu zuen Zuhaitz Gurrutxaga elgoibartarrak bere azken lana, Donostian, eta bihar iluntzean aurkeztuko du Deban, Kultur Elkartean. Sarrerak agortuta daude.

Ordu gutxi batzuetan agortu ziren Zuhaitz Gurrutxagaren umorezko bakarrizketa ikusteko sarrera guztiak. Harrera ezin hobea egin zaio, beraz, Kultur Elkarteak bihar iluntzerako antolatu duen saioari. KulturEkin egitasmoaren baitan egingo da emanaldia, 20:00etan.

Nortasun agiria Zuhaitz Gurrutxagaren hirugarren bakarkako lana da. Aurrekoetan bezala, oraingo honetan ere, egiazko bizipen pertsonaletan oinarrituko da eta, besteak beste, bikote harremanen hausturak sortutako minaz, euskaldun ona izateko zailtasunaz, edota Nahasmendu Obsesibo Konpultsiboaren gaitza pairatzeak sexu harremanetan eragin ditzakeen buruhausteez ariko da.