Kultur Elkarteak Bazkidearen Eguna ospatuko du bihar, bigarrenez

Erabiltzailearen aurpegia Debako Kultur Elkartea

Elkarteak egun guztiko egitaraua antolatu du bazkideentzat. 

Bazkideen babesa eta ekarpena eskertu nahian, Kultur Elkarteak haien omenezko egitarau berezia prestatu du biharko (ekainak 14). Eguna hasteko, Ostolaza Sariak banatuko dituzte. 12:00etan izango da ekitaldia, Kultur Elkartean, eta herritar guztiei hitzordura bertaratzeko gonbidapena egin diete.

Kultur Elkarteko kideek azaldu dutenez, "udalerriko kultur jarduera aberasten laguntzen duten herritarren edo erakundeen lana aitortzeko eta aintzatesteko" helburuz antolatu dute aurten ere sari banaketa. Epaimahaiak lau sari banatuko ditu aurten ere (Sortzaileak, Dinamikak, Ezinbestekoak eta Hazia Saria).

14:30ean, berriz, bazkari herrikoia egingo dute pasealeku estalian. Egitaraua biribiltzeko, Bidelapurrak taldearen folk-rock kontzertua izango da 20:00etan, Kultur Elkarteko plazatxoan; eguraldi txarra egingo balu, kontzertua Gaztetxean izango da. Seikote formatuan ariko da taldea eta sarrera doakoa dela gogorarazi dute.