GUTUNA

"Aurten ez dugu Gure Giro programazioa antolatuko"

Erabiltzailearen aurpegia Debako Kultur Elkartea

Kultur Elkartearen ekimenez eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean sortu genuen Gure Giro programazioa duela 4 urte. Udako kultur eskaintza arlo ezberdineko kalitatezko ekimenez aberasteko helburuari tiraka, azken urteotan hamarnaka jarduera antolatu dira Gure Giron, hala nola Jazzez Blai jaialdia, hitzaldiak, irteera gidatuak, tailerrak, umeentzako ekimenak eta bestelako hainbat hitzordu. Iazko edizioan, adibidez, 27 kultur jarduera egin ziren uztailean eta 4.500 ikusle eta parte hartzaile baino gehiago bildu ziren ekitaldietan.

Herritarrengandik jasotako babesa ikusita, egitasmoaren edizio berri bat antolatzeko lanean hasi ginen beste behin ere. Horiek horrela, 2024. urte amaieran bilera bat egin genuen udalarekin, gure aurtengo dinamika zein izango zen azaltzeko. Gure aldetik, Gure Giro programazioa aurrera ateratzeko ezinbestekotzat jotzen genuen udaletik jasotzen dugun dirulaguntzaren zenbatekoa urte hasieratik zehaztuta izatea —garrantzitsua da gogora ekartzea iaz ekainaren 21ean jaso genuela laguntza honen ebazpena, egitaraua hasi baino bost egun lehenago—. Izan ere, argi dago funtzionatzeko modu honek asko zailtzen duela horrelako egitasmo baten atzean dauden lanak ganoraz egin ahal izatea. Hala ere, udalak ez zuen gure eskaria onartu. Hortaz, dirulaguntza deialdia ateratzeko zain geratu ginen, aurrez inolako erabakirik hartu gabe.

Hilabeteak pasa dira eta udalak ez du aurtengo dirulaguntzen deialdi publikorik egin maiatzera arte. Aste batzuk lehenago, apirilaren 5ean, Kultur Elkarteko zuzendaritzak bazkideen urteko batzar orokorrera eraman zuen gaia eta, horrelako egitasmo bat ganoraz antolatu ahal izateko gutxieneko baldintzak betetzen ez direla ikusita, aurten elkarteak Gure Giro programazioa ez antolatzea erabaki du.