Debako Kultur Elkarteak bi ekimen iragarri ditu urte berriko lehenengo hilerako. Biak ala biak datorren astean izango dira, ostiral eta larunbat iluntzean, eta umorea eta musika izango dituzte protagonista, hurrenez hurren.
Batetik, urtarrilaren 24an, ostiralean, Barretegia umorezko bakarrizketa saioa izango da 20:00etan. Antolatzaileek azaldu dutenez, "2025ean ere hileroko dinamikarekin jarraituko du Barretegia egitasmoak" eta, hortaz, hilean behin probaleku bat antolatzea aurreikusten dute. Bada, 2024an lehenbiziko hiru saioak egin ostean, datorren astean izango da laugarrena. Sei umoregile ariko dira oholtzan: Aiora Enparantza, Asier Galarza, Aitziber Grados, Manex Astigarraga, Mirari Martiarena eta Amaia Ruiz de Galarreta. Sarrerak Internet bidez jarri dituzte salgai, bost euroan (esteka honetan).
Biharamunean, hilaren 25ean, KulturEkin programazioaren aurtengo lehenengo ekimena egingo dute. Jimmy Barnatanen (Madril, 1981) kontzertu akustikoa izango da, 20:00etan. Antolatzaileek aurreratu dute "goi mailako blues-rock emanaldia" izango dela, "sustrai amerikarreko musika, rock-and-roll, rythm & blues, soul eta funk bideetatik dabiltzan soinuak" ekarriko baititu Kultur Elkartera. Barnatan Sergio Gonzalez gitarristarekin batera ariko da agertokian. Sarrerak hemen eros daitezke, bost euroan.
Askok zineman eta telebistan egindako lanengatik ezagutzen dute Barnatan, baina musikagintzan ere ibilbide oparoa egin du. Zortzi blues disko konposatu eta argitaratu ditu dagoeneko eta hamaika kontzertu eta bira egin ditu azken urteotan, bakarka zein The Cocooners taldearekin.