Jose Manuel Ostolazaren bizitzaren errepaso txiki bat eginez eman zitzaion hasiera larunbateko ekitaldiari; Alex Turrillas Aranzetak hartu zuen hitza bertaratutakoen aurrean, eta ondoren ohorezko agurra dantzatu eta lore-sorta eskaini zioten.
Valladoliden jaio zen Ostolaza, 1875. urtean, bere gurasoak hara joanak baitziren gerra karlistatik ihesi; jaio eta hilabete gutxira ekarri zuten Debara eta bertan hazi zen. Gerora, Mexikon eta AEBetan enpresari lanetan aritu zen eta bere ondasunen zati garrantzitsu bat dohaintzan eman zuen EBEFO eraikina sortu (Ostolaza Fundazioaren Emigranteentzako Liburutegi Eskola) eta Debako kultura sustatzeko. Mexiko Hirian zendu zen, 1954an. Bere ekarpena aitortu nahian, Ostolazari omen egitera datoz lehenbizikoz banatu dituzten kultur sariak ere.
Udalerriko kultur jarduera aberasten laguntzen duten herritarren edo erakundeen lana aitortzea eta aintzatestea dute helburu Ostolaza Sariek. Hauek dira aurtengo sarituak eta epaimahaiak emandako ebazpena:
- Sortzaileak Saria: Guillermo Andonegi
Jorge Oteizak 1970. urtean sortutako Debako Arte Eskola Esperimentalean egindako lanagatik. Eskulturaren alorrean egindako ibilbide artistikoagatik. Sormena eta eskulana uztartuz metalezko zein harrizko obra zoragarriak sortu dituelako. Nekaezina izateagatik eta egindako isileko lan guztiagatik. Baina batez ere artista bat handi egiten duen bertute baten jabe izateagatik: umiltasuna. - Dinamikak Saria: Goaz Antzerki Taldea
Talde honek 50 urteko ibilbidea egingo du aurten. Antzerkia erakusten, gozarazten eta zabaltzen. Antzerkigintza euskara sustatzeko tresna gisa erabiltzen. Amateurtasuna bultzatzen. Belaunaldi ezberdinen arteko transmisio bideak lantzen. Emakume artisten lana nabarmentzen eta ezagutarazten. - Ezinbestekoak Saria: Garbiñe Iriondo
Pertsona honek egindako ekarpena eta bere ogibidea erabat lotuta daude, ikastolan lanean ibilitakoa da hainbat hamarkadatan, andereño moduan. Euskalgintzan, katekesian eta herriko beste hainbat elkarteetan aritutakoa urte askoan. Jubilatu ostean ere Nagusilan elkartean aritu izan da, bakardadean bizi diren adin nagusiko pertsonei laguntza ematen. - Hazia Saria: Aitor Oñederra
Berak sortutako ilustrazioei bizia ematea zuen helburu gaztetatik eta pausoz pauso, betidanik izan duen ilusio horri eutsiz, ikus-entzunezkoen munduan bere lekua egitea lortu du, duela urte asko landatutako hazia lore bihurtuz. Zinegilea, ilustratzailea, gidoilaria. Animazioaren bidez Debaren izena Euskal Herri osoan zein nazioartean zabaldu du. Ibilbideari hasiera hainbat bideoklipen bitartez ekin zion, nazioartean hainbat sari jasotako I said I would Never Talk About Politics eta Ur azpian lore bezalako laburmetraiak sortzera iritsi arte. Aurten 17. edizioa egingo duen Animadeba jaialdiko zuzendaria.
Sari banaketa ekitaldian herriko kultur sortzaile ezberdinen emanaldi laburrak ere izan ziren: Julia Nijs, Josu Salegi eta Miguel Laguna, Goaz taldearen performancea, Rafael Bravoren poema irakurketa eta Iturri Ondoan korua.