Duela aste batzuk Noticias de Gipuzkoa egunkarian argitaratu zen idatzi baten harira, beharrezkoa ikusten dugu Debako Gazte Asanbladaren izenean erantzun bat ematea.
Herriko gazte talde baten kezka eta ezinegonetik sortu zen Debako Gazte Asanblada duela hogeita lau urte, herrian alternatiba bat sortzeko asmoz eta mundua ulertzeko beste modu batetik abiatuta. Ordutik gaur arte, gaztetxea sutondo bihurtu eta hamaika borroka, ekintza eta proiektu eraman ditugu aurrera: hitzaldiak, pelikulen proiekzioak, janari bilketa solidarioak, liburu aurkezpenak, kontzertuak, tailerrak... Azken ikasturtean, konkretuki, ekintza ugariren lekuko izan da Debako Gaztetxea: hilabeteroko lan egun irekiak; DGAren urtemuga, urtero bezala herriko adin eta sektore desberdineko pertsonentzako egitarauaz osatua; hamaika estilotako kontzertuak; uztailean gaztetxe kanpoko terrazatxoan antolatu ditugun Asteazken Akustikoak; eta, nola ez, Palestinako herria sufritzen ari den genozidioa salatzeko egindako ekintzak eta palestinarrei helarazitako elkartasun keinuak.
Konpromisoa eta lana
Horrez gain, DGA ere Txosna Batzordearen parte izanik, urteko plangintzan pisu handia hartzen du San Roke jaien prestaketak. Txosna Batzordearekin edota DGArekin harreman minimoa izan duen edonork daki espazio hauetan parte hartzeak zer konpromiso eta lan dakarren. Jaietan barran txandak egiteaz haratago, zumardian "bat-batean" agertzen diren txosnen atzean hainbat hilabetetako prestaketa lanak eta ardura garrantzitsuak daude. Txosnak kudeatzeaz gain, karpako kontzertuen eta bertso saioaren antolaketan parte hartzen dugu; eta, noski, Txosna Batzordetik aurrera eramaten dugun erasoen aurkako protokoloan ere bai. Gutxi batzuk gara ardura horiek gure gain hartzen ditugunak eta, herriko jaietako erreferentziazko gune hau sostengatzeko, benetan garrantzitsua da gazte kuadrillek eskaintzen duten laguntza. Txosnagunea bezalako jai eremu herrikoi bat denon gozamenerako sortu den heinean, denon esku dago horren presentzia bermatu ahal izatea. Eta bai, argi dago bertan parte hartzen dugun eragileon euskarri ekonomiko bat dela, kurtso osoan egiten ditugun dinamikak aurrera eraman ahal izateko.
Abuztuaren 24an argitaratu zen iritzi artikulua kezkagarria iruditzen zaigu, eta erabat bidegabeak dira asanbladaren aurka egiten diren akusazio eta suposizioak, baita horiek egiteko erabilitako lengoaia ere. Herriko eragile gisa egiten zaigun errekonozimendu ezaz gain, mota honetako adierazpenak egin izana militantziak dakarren konpromisoaren ezezagutzaren ondorio dela iruditzen zaigu. Hau horrela izanik, edonork Gazte Asanbladaren edo Txosna Batzordearen funtzionamenduaren inguruan azalpenak behar izatekotan, zuzenean gurekin harremanetan jartzea eskatzen diogu (debakogaztetxea@gmail.com).
Erasoak eraso, sinesten dugun gazteria antolatuaren aldeko borrokan lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu Gazte Asanbladatik. Horrelako espazioak gazte langileok bizi dugun errealitate gordina aldatzeko ezinbestekoak direla uste dugu eta, ideia horri helduta, Debako gazteei asanbladara batzeko deia luzatzen diegu. Aurrerantzean ere, Gaztetxean ikusiko dugu elkar!