Urtemugako ospakizunei hasiera emateko, azaroaren 11n Debako Gazte Asanbladaren historiaren parte garen eta izan diren kideak batu ginen; oraindik ere gazteak batzuk, eta jadanik ez hain gazte beste batzuk. Urteotan hamaika izan gara Gaztetxea gure etxe bihurtu dugun neska-mutilak, eta beste hainbeste izan dira, asteroko lan eta konpromisoari eutsiz, herrian edota begirada bertatik kanpo jarrita aurrera eraman ditugun ekintza eta aldarrikapenak. Debako gazteon antolakuntzarako zoru irmo eta emankorra izan da gazte asanblada 23 urte hauetan.
Lehenengo kideek Iturkalen okupatutako Gaztetxean izandako sutearen ondoren, Osioko matadero zaharrean berpiztu zen suaren bueltan dihardugu batzuk oraindik ere. Gaztetxea ostiral gauero txinparta gorriz berotzen jarraitzen dugu, suabe-suabe batzuetan, indartsuago beste zenbaitetan, argia gertuago edo urrunago proiektatuz. Baina 23 urte hauetan ez gara behin ere gelditu: behin piztu zuten suaren garrak ez dira oraindik itzali.
Kidez kide eta belaunaldiz belaunaldi
Asanbladaz asanblada joan gara eraikitzen adin ezberdineko kideon arteko zubiak eta azaroaren 11 izan zen horren erakusle. Gutako bakoitzak zerbait ikasi du aurrekoengandik, kidez kide eta belaunaldiz belaunaldi transmititutako irakaspen eta anekdoten bitartez.
Manexek eta Koldok ez zuten sekula bilera-mahai batean topo egin, baina, etxean, Manexek ur pixka bat gehitzen dio amaitzear den tomate-potoari, barruan geratzen zaiona hobeto aprobetxatzeko, eta horri “Santixorena egitea” deitzen dio, hala entzun baitu beti Gaztetxeko sukaldean. Bazkalosteko tertulian aipatu genituen halakoak, eta beste hainbat. Kafea eskuan, 23 urteotan bakoitzak Gaztetxean bizi eta ikasitakoak entzuten aritu ginen, banan-banan. Bata egun luzez ibili zen matadero zaharreko paretak konpontzen, besteak bigarren pisu bat eraikitzeko ideia izan zuen, horrek aretoko murala margotu zuen, hark bazterreko eszenatoki biribila muntatu… Bi hamarkada baino gehiago daramatzagu orain Debako Gaztetxea den hori kolektiboki adreiluz adreilu eraikitzen. Behin kide ohiek defendatu zutena jaso eta gure egin dugu, eta ziur gaude haiek ere izan dutela zer ikasia gaur egungo gazte asanblada den honetatik. Gure jarduna eurena ere bada.
Urtemugako ospakizunak hasi besterik ez dira egin. Izan ere, azaroaren 24an, 18:00etan, Niala magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute txikienek Gaztetxean, txokolatada eta guzti. Eta abenduaren 2an kontzertu gaua izango dugu urteurrena biribiltzeko.
Bestalde, azaroan Larunbat Komunistak estreinatu ditugu; hilabetero egingo da ekimena, Gaztetxeko lanegun eta formakuntza saioak berreskuratuz. Eta abenduaren 30ean berriz bilduko gara, denon artean Gaztetxea atondu eta herrian Gerra Zibilean gertatutakoen berri izateko. Gainera, Gaztetxeko liburutegi zerbitzuari esker, aurrerantzean Mendata BHI institutuko irakurliburuak maileguan hartzeko aukera izango da, herriko ikasle guztientzat eskuragarri egon daitezen. Eta, ez hori bakarrik, beste hainbat ideia ere badauzkagu eta buruan…
Borroka eginez eta ilusioz, gure aurrekoen lekukoa hartu dugu eta guk ondorengoei pasako diegu, bai datozen 23 urteetan, bai ondoren. Ez laga sua itzaltzen!