Aurten ere sanferminetan murgiltzeko aukera eskainiko du Arbil Elkarte Sozialak

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan

Uztailaren 10ean, ostegunarekin, egingo dute Iruñerako irteera, eta izen-emate epea dagoeneko irekita dago.

Urteroko ohiturari eutsiz, Arbil Elkarte Sozialak Iruñeko San Fermin festa ezagunetara joateko irteera antolatu du aurten ere. Uztailaren 10ean egingo dute bidaia. Egun horretan 08:30ean aterako da autobusa Debatik, hondartzarako sarrera parean jarri dute hitzordua. Handik hamar minuturua, 08:40ean, Itziarko bizilagunen txanda izango da. 

Antolatu duten planari dagokionez, goiz eta eguerdi partean festaz gozatzeko aukera izango dute parte-hartzaileek. Eta jaiak eskaintzen duenaz gozatu eta potean ibili ondoren, bazkaritara joango dira.15:00etan Iruñeko Igeriketa Klubean elkartuko dira bazkaltzeko. Bueltatzeko autobusa, berriz, 22:00etan abiatuko da, “zezenetara joan nahi duenak aukera izateko”.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, dagoeneko zabalik dago izena emateko epea. Zehaztu dutenez, elkarteak Berasaluze Plazako egoitzan duen bulegoa astelehen eta asteazkenetan egoten da zabalik, 11:00etatik 12:30era. Irteeraren prezioa 50 eurokoa da, eta prezio horretan autobuseko joan-etorria eta bazkaria ere sartzen direla esan dute.