Aurreko igandean (ekainak 8) egin zuten omenaldi ekitaldia eta, Arbil Elkarte Sozialeko kideen esanetan, "oso giro onean" ospatu zuten eguna. "Oso polita izan zen eta gustura asko ibili ginen, eguraldia lagun".
Ohiturari jarraituz, hildako bazkideen omenezko elizkizunarekin hasi zen jardunaldia eta, jarraian, salda hartu zuten Lubina elkartean. Kontu-kontari aritu ondoren, bazkaria egin zuten Arbil elkartean bertan. "Bazkarian 83 lagun batu ginen guztira. Horietatik 70 bazkideak ziren eta, horiez gain, zuzendaritza batzordeko kideak, udal gobernuko ordezkariak eta bazkideen zenbait laguntzaile ere etorri ziren. Egia esan, iaz baino jende gehiagok parte hartu du aurten eta alde horretatik pozik gaude", gaineratu dute elkarte sozialeko kideek.
Bazkalostean, bazkide zaharrenek opari bat jaso zuten. "Aurrerantzean, 94 urte betetzen dituztenei oparia emango diegu. Aurten, adibidez, 94 urteko hiru bazkide eta 95 urteko bi bazkide omendu ditugu. 94 urtekoei zapia edo billete-zorroa eta aterkia oparitu dizkiegu; 95 urtekoei, berriz, lore-sorta eta kosmetika produktu batzuk".
Honakoak izan dira aurtengo omenduak:
- 95 urtekoak
- Petra Larrea
- Agustina Ansola
- 94 urtekoak
- Rosario Alberdi
- Jose Larrañaga
- Pilar Errazti