Iñaki Olaizolak heriotza duinari buruzko hitzaldia emango du Kultur Elkartean

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan

Iturria: Youtube

Solasaldia Arbil Elkarte Sozialak antolatu du etzirako eta 11:00etan hasiko da. Bertan, Bizitza-testamentua: eutanasia ala lagundutako suizidioa? izenburupean ariko da antropologoa.

Arbil Elkarte Sozialaren ekimenez, heriotza duinari buruzko saioa egingo dute etzi (maiatzak 22) Kultur Elkartean. Hitzordua 11:00etan hasiko da eta herritar guztiei egin diete bertaratzeko deia, saio interesgarria izango dela nabarmenduta. "Hitzaldi garrantzitsua antolatu dugu. Gai zaila izan daiteke, baina guztioi eragiten digu: gizakiok gure heriotza nola izan dadin erabakitzeko dugun eskubideaz hitz egingo dugu", aurreratu dute.

Topaketa bi zatitan banatuko dute. Lehen zatian, hain zuzen, Iñaki Olaizola antropologo donostiarra izango da hizlaria. Ontzigintza Ingeniaritzan doktorea da Olaizola, eta ontzigintzaren eta enpresaren arloan garatu du bere jarduera profesionala. Ondoren, Antropologia ikasketak egin zituen eta diziplina horretan doktoratu zen UPV/EHUn, bere interes kultural eta soziala Hiltzeko Prozesuaren azterketan oinarrituz. DMD/DHE Duintasunez Hiltzeko Eskubidearen Elkarteko kide aktiboa da. Debako hitzaldian Bizitza-testamentua: eutanasia ala lagundutako suizidioa? izenburupean ariko da.

Hitzorduaren bigarren zatian, berriz, azken borondateen dokumentua aurkeztu eta banatuko dutela aipatu dute Arbileko kideek. Dokumentua nola bete behar den eta Osakidetzan ofizialki nola aurkeztu behar den azalduko diete bertaratutakoei. Astebete beranduago, hilaren 29an, berriz elkartzeko asmoa dute; interesa dutenek dokumentazioa elkarrekin betetzeko aukera izango dute eta elkartetik bertatik helaraziko diote gero guztia Osakidetzako Eibarko teknikari bati.