Urtarrilean egin bezalaxe, Arbil Elkarte Sozialak askotariko jarduerak antolatuko ditu otsailean ere. Biharko (otsailak 6) jarri dute hitzorduetako bat, Kultur Elkartean, 11:00etan. Bertan, "lapurreta, iruzurra eta legez kanpoko okupazioa saihesteko" hitzaldia emango du Eibarko ertzain-etxeko komisario buruak. "33 urteko esperientzia dauka alor horretan, eta pista praktikoak eta benetako adibideak emango dizkigu arrisku horiek identifikatzeko eta haiengandik babesteko", aurreratu dute antolatzaileek.
Beren esanetan, "badakigu, tamalez, jubilatuak askotan egoten garela mota horretako ekintzen jomugan. Horregatik, funtsezkoa da arrisku-egoeren aurrean nola jokatu jakitea eta egoera horiek prebenitzen ikastea". Helburu horrekin antolatutako hitzaldira gerturatzeko deia egin diete, hortaz, herritarrei.