Egun berean bi bilera egin zituzten Arbil Elkarte Sozialean. Azaldu dutenez, ohiko batzar orokorrean 47 lagunek parte hartu zuten; bertan, egindako jardueren berri emateaz gain, azken bilerari zegokion akta onartu zuten, eta sarreren eta gastuen balantzea ere bai.
Ezohiko batzar orokorrari dagokionean, 27 kide batu ziren deialdira. Besteak beste, aurrerantzean elkartearen izena Arbil Elkarte Soziala Deba izatea adostu zuten, "gure nortasuna eta filosofia soziala hobeto islatu ahal izateko", adierazi dutenez.
Zuzendaritza berria
Bestalde, Zuzendaritza Batzordearen egitura aldatu dute, elkartearen funtzionamendua arintze aldera. "Orain arte zortzi bokal geneuzkan, baina aurrerantzean hiru kargu finko (lehendakaria, idazkaria eta diruzaina) eta bederatzi bokal izango ditugu", azaldu dute.
Itziar Oñederraren hautagaitza aurkeztu zuten lehendakari kargurako (orain arte lehendakariorde izan da), eta proposamena aho batez onartu zuten. Oñederrarekin batera, Maria Ostolaza (idazkaria) eta Rosa Ostolaza (diruzaina) ahizpak izango dira Arbileko zuzendaritzan.
Lehendakari berriak jakinarazi zuenez, elkartearen taberna urtarrilaren 1ean zabaltzea aurreikusten dute.