Zuzendaritza batzordean egindako lehen urtea errepasatzerakoan, Arbil Elkarte Sozialeko kideek azken hilabeteotan antolatu dituzten jarduerak nabarmendu dituzte, eta "irakurketa positiboa" egin dute. "Lan handia" egin duten arren, jendeak erantzun polita eman duela eta taldearen balorazio orokorra ona dela azpimarratu dute.
Are gehiago, ekintzetan herritar ugarik parte hartu dutela eta guztietan "giro ona" izan dela gaineratu dute. Jakinarazi dutenez, egin dituzten jarduera askotan "lekurik gabe" geratu dira eta, aukera izan dutenean, itxarote-zerrendak zabaldu eta bigarren saio bat antolatu behar izan dute.
Horren adibide da, besteak beste, iazko Gabonen bueltan egindako sukaldaritza tailerra; "arrakasta handia" izan zuen eta, hitzordu bakarra egin ordez, azkenean hiru saio antolatu behar izan zituztela diote zuzendaritza batzordeko kideek. Orain arteko ibilbidea, dena den, laguntzaile sareari esker gauzatu ahal izan dutela nabarmendu dute, esker onez. Eta sare horretako kide izateko interesa dutenei 631 90 99 60 zenbakira deitzeko eskatu diete.
Antzeko plangintza
Aurreko ikasturtean antolatu zituzten jarduerek izan zuten harrera ona ikusita, oraingoan ere antzeko plangintzarekin jarraitzea erabaki dute; hilabetero gutxienez irteera bat, hitzaldi bat eta ibilaldi bat egitea da zuzendaritza batzordearen asmoa.
Askotariko jarduerak antolatuko dituzte datozen hilabeteotan; ekintza gehienak ostegunetan egingo dituzte
Zehaztu dutenez, antolatuko dituzten ekintza gehienak ostegunetan izango dira. Izan ere, elkarteko kideek beste hainbat jarduera egiten dituzte gainontzeko egunetan. Astelehen, asteazken eta ostiraletan, esate baterako, kiroldegira joaten dira, eta astearteetan dantza latinoen saioak izaten dituzte. Horiek horrela, datozen hilabeteotan antolatuko diren ekintza guztiak ostegunetan egitea erabaki dute.
Urriaz geroztik martxan
Udako atsedenaldiaren ostean, abian da elkarte sozialak 2024-2025 ikasturterako osatu duen programazioa. Urriaren 10ean egindako ibilaldia izan zen ikasturteko lehen jarduera, eta bertan parte hartu zuten hamalau lagunek Deba-Olatz-Mutriku-Deba ibilbidea egin zuten oinez; azaroaren 14an izango da hurrengo hitzordua.
Urriaren 17an, berriz, futbolaren bueltako Deba eta Erreala mahai-ingurua izan zen Kultur Elkartean, Realaren lehen taldean aritutako Asier Riesgo, David Zurutuza, Inaxio Kortabarria eta Markel Bergararekin; Debarekin lotura estua dute guztiek ere.
Azaroaren 7an, Etorkizuneko ikuspegia gure esperientziatik hitzaldia izan zuten Arantxa Tapia Jaurlaritzako sailburu ohiarekin eta Iñigo Ucin MCCko lehendakari ohiarekin. Hurrengo hitzorduak ere lotuta dituztela aurreratu dute eta, azpimarratu dutenez, "ahalegin berezia" egiten ari dira publikoaren intereseko gaiei buruzko saioak antolatzeko.
Ikasturteko lehen txangoa, aldiz, urriaren 24an egin zuten. Erriberri eta Artaxoa inguruan ibili ziren egun-pasa.
Osasunarekin lotutako saioak
Bestelako jarduerek ere jarraipena izango dute aurrerantzean. Martxan daude, adibidez, joste eta puntu tailerrak. Aldi berean, hainbat informatika ikastaro emango dira, KZgunearekin elkarlanean.
Halaber, osasunarekin lotutako saioak ere antolatuko dituzte. Aurreratu dutenez, Osakidetzako profesionalekin lankidetzan, hainbat gairi buruz jarduteko aukera izango dute herritarrek.
Gabon sasoiko sortak kuota ordainduta duten bazkideen artean zozkatuko dituztela ohartarazi dute
Bestalde, igandero kina saioa egiten dute (17:30ean). "Aspaldian jende gutxi etortzen da eta aztertu beharko dugu saioak antolatzen jarraitzea merezi duen; oraingoz, jarraipena abendura arte dago ziurtatuta", zehaztu dute.
Urtero legez, jai egun berezi batzuk (Santo Tomas, Inauteriak, San Antonio Eguna...) ere ospatuko dituzte eta Gabon sasoian sorta bereziak zozkatuko dituzte. Nolanahi ere, sorta horiek bazkide kuota ordaindu dutenen artean zozkatuko dituztela ohartarazi dute; lanak "errazte aldera", kuota helbideratzea gomendatu dute.
Zalantzak argitzeko, honakoa da elkartearen bulegoko ordutegia: astelehenetan eta asteazkenetan, 11:00etatik 12:30era.