Ganadurik gabeko Itziarko Peria

Berriketan 2025ko urr. 27a, 09:39

Aurtengo Itziarko Peria ganadurik gabekoa izango da. Pasa den ostegunean (urriak 23), Eusko Jaurlaritzak ganadu azokak egitea debekatu egin zuen erkidego osoan. Ostiraletik indarrean da debeku hori, eta, oraingoz, azaroaren 30era arte izango da indarrean. Behien artean epidemia bihurtu den Dermatosi Nodular Kutsakor gaitza zabal ez dadin hartu dute erabakia. Debekuaren baitan sartuta daude behiak ez diren bestelako animaliak ere, salbuespenak salbuespen.

Eusko Jaurlaritzak ostegun iluntzean jakinarazi zuen ganadu feriak debekatzeko erabakia, Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako Diputazioetako ordezkariekin batzarra egin ondoren.

Debekua gaur sartuko da indarrean, eta zuzenean eragingo du azaroaren 1ean egingo den Itziarko Perian. Gainera, behiei ez ezik, katuak eta txakurrak ez diren gainerako animaliei ere eragingo die debekuak.

Nafarroako gobernuak ere ostiral goizean gauza bera erabaki zuen eta Ipar Euskal Herrian ere egoera berean daude. Hori horrela, Euskal Herri osoan egongo dira debekatuta ganadu feriak.

Dermatosi Nodular Kutsakorrak ez ditu gizakiak kutsatzen, ez animaliekin kontaktuan egoteagatik, ezta animalietatik eratorritako produktuak kontsumitzeagatik ere.